argia.eus
INPRIMATU
Dieudonné umoregilearen ikuskizun bat debekatu dute Bordelen sionismoaz trufatzeagatik
  • Bordeleko alkate Alain Juppek (UMP) debekatu egin du Dieudonné M’bala M’bala umoregileak hilaren 26rako programatua zuen ikuskizuna, "antisemita" delakoan.

Jon Torner Zabala @jtorner 2014ko urtarrilaren 07a
Dieudonné umoristaren ikuskizun gehiago gera daiteke bertan behera (Argazkia: www.tvwfdc.com)

Manuel Valls Frantziako Barne ministroak igorritako zirkularra aintzat hartu eta ikuskizuna bertan behera uztea erabaki du alkateak. "Gorrotoaren enpresari txikia da Dieudonné", adierazi du Vallsek. "Ikuskizunak ordena publikoa arriskuan jar dezake", gaineratu du Juppek: "Esaldi eta eszena batzuek pertsonaren errespetu eta duintasunari eraso egiten diote".

Litekeena da Bordelekoa ez izatea bertan behera geratuko den emanaldi bakarra, Frantziako agintariek gogor kritikatu baitute jatorri kamerundarreko umoregilearen ikuskizun berria.

"Quenelle" keinua zabaldu duen artista

1991. urtean hasi zuen umoregile ibilbidea Dieudonnek. Elie Semounekin bikotea osatzen zuen: afrikarrez barre egiten zuen berak, eta judutarrez Semounek. Urteak pasa ahala, sionisten aurkako mezuek tarte geroz eta zabalagoa hartu dute Dieudonneren ikuskizunetan.

Bera izan da "quenelle" izeneko keinua ezagun egin duen artista. Esaterako, Nicolas Anelka futbolari frantziarrak keinu hori eginez ospatu zuen abenduaren 30ean West Bromwich taldeari sartutako gola.

Britainia Handiko futbol federazioak iragarri du gertaera ikertu eta Anelka zigortu ala ez erabakiko duela; eta frantziar ministro zenbaitzuk ere futbolaria kritikatu dute.

Anelkak, ordea, keinuak "benetan zer esan nahi duen" ez jakitea leporatu die bere herrialdeko agintariei: "Ez da keinu antisemita, ezta arrazista ere, antisistema baizik".