Bordele eta Tours artean aurreikusita dagoen AHT trenbidearen finantziazioa gelditzea erabaki zuen Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak, joan den ostiralean. Bordeletik Hendaiarainoko tartearen eraikuntza 2030. urtera arte atzeratuko da eta tarte horri ekin arte, Bordele-Tours bidea egiteko ere ez da dirurik emango.
Tours eta Bordele tarterako, 80 milioi euroko diru-laguntza onartu zuen bere garaian Kontseilu Nagusiak. Horietatik 30 milioi emanak ditu dagoeneko, baina pasa den uztailean, Bordeletik Hendaiara doan AHT bidearen eraikuntza 2030. urtera arte atzeratuko zela iragarri zuten eta ordura arte Tours-Bordele zatirako diru-laguntzak etetea deliberatu du orain Kontseiluak.
Finantzazioa gelditzeaz gain, AHTren inguruko ikerketekin jarraitzea ere onartu zuten. Bozka eman zuten 52 kontseilari nagusietatik 48k eman zuten aldeko botoa.
Dena den, Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidenteak argi utzi nahi izan du etetea "laster itxiko den parentesia" izatea espero duela eta finantziazioa "berriz hartzekotan" gelditu direla.
Espainiak diru-laguntza onartu du EAEko AHTrako
Espainian aldiz, ikasturte berrirako aurrekontuak aurkeztu dituzte eta EAErako aurreikusi duten diru partida nagusia AHTra bideratuko du Madrilgo Gobernuak.