argia.eus
INPRIMATU
Booktegik jaialdia egingo du urriaren 22an, egitasmoaren bosgarren urteurrena ospatzeko
  • Bost urteko ibilbidea ospatuko du Booktegik urriaren 22an, eta horretarako Booktegi Jaialdia antolatu dute Usurbilen. Bertan parte hartuko dute herriko zein Euskal Herriko kulturzaleek. Egindako bidea ospatzean dute jarrita arreta, baita etorkizunean ere: bazkideen bila dabiltza.

ARGIA @argia 2022ko abuztuaren 24a

2017an sortu zuten Booktegi, eta ordutik 266 liburu, 125 audio-liburu eta 115 bideo argitaratu dituzte, besteak beste. Bost urte oparo horiek ospatzeko, urriaren 22an Booktegi Jaialdia egingo dute Usurbilgo Sutegi Kultur Etxean.

Egitarau oparoa antolatu dute goizean goizetik hasita. 10:00etan emango zaio irekiera jaialdiari, herriko Noaua elkarteak eta Usurbilgo liburutegiak gidatutako poesia-itzulerarekin. Ostean, Booktegiko Elkarri irakurriz atalerako ipuinak sortu dituzten idazleekin egunean zehar egingo diren hiru solasaldietako lehenari emango zaio hasiera, eta bertan parte hartuko dute Itziar Ugartek, Oihana Arana Cardenalek, Ibon Larrazabalek eta Amaia Arakistainek. Ostean, Udarregi ikastolako ikasleek ipuinak eta antzerki lanak interpretatuko dituzte. Bazkaltzeko tartearen ondoren, Habiak diska joko du zuzenean Anarik, eta amaitutakoan eguneko bigarren solasaldiari ekingo diote Edorta Jimenez, Maite Darceles, Danele Sarriugarte eta Bakartxo Iguaranek. Iraia Eliasek eta Hatxek hartuko diete lekukoa, Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua interpretatzeko. Ostean, hirugarren solasaldiak mahai bueltan bilduko ditu Asel Luzarraga, Irati Majuelo, Aitziber Etxeberria Garro eta Ana Galarraga. Uxue Alberdik eta Amorantek emango diote jaialdiaren itxiera, Booktegiren urteurrena ospatzeko idatzi eta konposatutako Meza Nagusiarekin.

Itxaro Borda izango da jaialdiko anfitrioia, Xabi Strubellek jarriko dio musika egunari, eta aipatutakoaz gain Habiak erakusketa ere egongo da ikusgai. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrerak nola eskuratu irailean ezagutaraziko dute, eta jaialdia bideoan jasoko da, bertaratzeko aukerarik ez duenak jaialdiaz gozatu dezan.

Bazkide bila

Bestelako berririk ere eman dute egitasmoaren bultzatzaileek: "Euskal gizarteak eman dion harrera ikusita, aurrerantzean proiektua gidatuko duen erakundea sortu dugu: Booktegi Kultur Elkartea". Elkartearen egitekoetako bat izango da bazkideak bilatzea. "Egitasmoaren helburua euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna bultzatzea da, eta horrekin bat datozen lagun guztiak ongi etorriak izango dira elkartean". Bazkideei diru-kopuru bat ordaintzea eskatuko zaie, eta bazkideak berak erabakiko du zenbateko ekarpen ekonomikoa egin. Bazkide egiten direnek modu aktiboan parte hartu ahalko dute "ideiak eta proposamenak emanez, eta, nahi izanez gero, lan batzuekin lagunduz", Booktegirentzat berariaz idatzi diren hitzaurreen bilduma eskuratuko dute, hiru hilabetero jasoko dute buletina, zozketetan esku hartuko dute eta Booktegiren emanaldietarako sarrerak eskatzeko lehentasunezko aukera izango dute.