argia.eus
INPRIMATU
Bonus track: non dago saria?
Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko urtarrilaren 31

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira, bada, desfase handiko festak izaten. Ailegatu beharko bulegora.

Garai batean, kondairak dio, egon egoten zela parranda, egin egiten zela, baina azkenalditxoan ARGIAko gazteenak ari dira egunaren antolaketaren ardurak hartzen, eta, pretentsio erasokorrik gabe, ez da gehiegi pentsatu behar zer gertatzen den ja adin bat duen jende baten eskuetan geratzen denean parranda antolatzeko ardura: edo gehienez bi garagardo hertsatzen dira, bigarrena ondo peleatua gainera; edo, aurreko esana gezurtatu eta, orduan bai, ARGIA sariak desfase bilakatzen dira. Esan beharrik ez dago zertan amaitu den kontua. Edo informazioa ezkutatu zaio kronikagile honi.

Enpin. Non demontre dago gure lagunak duela urte batzuk jasotako sari hura? Zeren bulegoan ez dago, eta bulegoak ez ditu aldaketa asko izan azken urteotan. Denak antzera segitzen du. Hankaz gora. Baina antzera. Hankaz gora zegoen sari hura ere, baina hor zegoen, bulegoan. Egon den aldaketa bakarra da lankide batek lana utzi zuela, zertarako eta liburutegian bost urte autokondenatuta emateko, Bertsozaleren, Bertsoaren, Xenpelarren eta dena delakoaren datu-baseak goitik-behitik arakatzeko pretentsioz. Baina bakoitza berera. Hori horrela da. Eta hori horrela den bezalaxe, ARGIA sari hura ere bere lekura.

Bazkalaurrean begiradak bota ditu, badaezpada, ARGIA sari hori gutxienez Atxega jauregitik irtengo zela bere buruari sinestarazteko, eta balizko eskuluzeak begiz fitxatu ditu. Behin eserita, dena den, sudurluze bat azaldu da hortik. Falta zena. Bere urtebetetzea omen. Ala, benga. Eta zer, eta ARGIAren ezkontza zibilera azaldu, kasualitatez? Atxegan bazkaltzea otu omen zaio. Hara. Ba ez.

ARGIAren aurtengo saria ondo gorde behar du. Ez aurrekoa galdu zuelako, baizik eta Anton Mendizabal eskultore estimatuaren azken sariak izan direlako. Gure lagunak ere badaki: birsalmentan dirua balioko dute sariek. Ibili argi. Eta zaindu bulegoetako apalak.