Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio ugariren arabera, baita jostailu-bonba bidez ere.
Libanok Israelgo Armadaren eraso ugari jasan ditu azken hamarkadetan, bereziki herrialdearen hegoaldean. Libanoko Orient-Le Jour egunkariak 1997an kaleratutako hainbat informazioren arabera, Israelek bonba-jostailuak bota zituen hegazkin eta helikopteroetatik.
Horren hainbat adibide ere eman zituen, besteak beste plastikozko jeep berde txiki bat hartu eta eskuetan lehertu zitzaion 9 urteko neskatilarena. Linterna-tranpa bat aurkitu zuen ume batek ere erredura larriak jasan zituen; eta panpin-lehergailu batek neskato bat hil zuen.
Baina ez zen Libanoko hedabideetako kontua bakarrik, Unifil NBEko Libanorako misio iraunkorreko ofizial baten esanetan, jostailu horiek eta bestelako objektuak batez ere helikopteroetatik botatzen zituen Israelgo Armadak. NBEko idazkari nagusiari 1998an bake misio berak idatzitako gutunean ere akusazio bera egiten zen, Israelgo hegazkinetatik milaka jostailu-bonba jaurti zirela Libanoko herrietara, eta aipatzen zen Nabatiyah herriaren kasu zehatza, non hainbat haur hil zituzten eta beste batzuk zauritu.
Hezbollah-k orduan salatu zuenez, bilatutako objektuen artean baziren urrezko arrautza bat, Snoopy txakur bat, panpina hiztun bat eta kono hori fluoreszenteak. Israelek salaketa guztiak ukatu eta mespretxagarritzat jo zituen.
Baina Mendebaldeko iturrietatik ere egin ziren gisako salaketak, horien artean zegoen 2000. urtean Erresuma Batuko Atzerri Arazoetarako Ministerioko txosten bat. Aipatzen zuen Libanoko lurretan lehertu gabeko mota askotako lehergailuak zeudela, horien artean jostailu-tranpa horiek.
Pertsona-bilagailuen eta walkie-talkieen erasoen ondoren, NBEko idazkari nagusi Antoni Guterresek asteazken honetan batzar nagusiaren aurrean egindako hitzaldian, argi azpimarratu zuen “objektu zibilak” ez direla gerraren parte bihurtu behar. Lehergailu horiek, gaur egun ere dozenaka pertsona hiltzen dituzte Libanon.
2000. urtean Israel Libanotik erretiratu zenean, pentsatzen da 37.000 mina zeudela eztanda egin gabe, bai Israelek, bai Libanoko gerra zibilean aritutako taldeek utzitakoak. 2023ra arte egindako mina eta lehergailu garbiketaren ondorioz, azalera arriskutsuen %80 garbitu zuten, baina oraingo gatazkarekin garbiketa lanak geldi daude eta uste da ezingo direla amaitu 2030era arte. Lan horien artean ez daude bakarrik lehergailu-adituena, eta Middle East Eye hedabideak egindako albistean irakur daitekeenez, pailazoak ere erabili izan dituzte haurrak ohartarazteko hainbat objektu motak izan dezakeen arriskuaz.