argia.eus
INPRIMATU
Bonba hotsak Libanon eta Gazan, urriaren 7 hartatik urtebetera
  • Israelgo armadak bortizki egin du eraso igandetik astelehenerako gauean, Hamasen urriaren 7ko erasoaldiaren urtemugarekin bat eginez. Libanoko Beirut hiriburuaren hegoaldea bonbardatu du, eta Gaza erdiguneko beste ospitale bat ere bai.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 07a
Unibertsitate bat Gazan, txikituta.

Al Jazeera komunikabide arabiarrak emandako informazioaren arabera, "leherketa masiboak" eragin ditu Israelek bart gauean Beirut hiriburuaren hegoaldean, Libanon. Bertako Osasun Ministroak goizaldean esan du gutxienez hamabi pertsona hil direla bonbardaketa horietan, tartean haurrak.

Antza, gero, Israelgo Defentsa Ministerioak sare sozialetan esan duenez, Hezbollahk "erantzuteko ahalegina" egin du. Baina beraien esanetan, ez dute "arrakastarik izan".

Gaza bonbapean, enegarrenez

Asteburuan, 24 orduko epean, gutxienez 45 pertsona hil eta 256 zauritu ditu Israelgo armadak Gazako zerrendan, meskita bat eta ikastetxe bat bonbardatu ondoren. Palestinako Osasun Agintaritzaren arabera, Ibn Rushd ikastetxe horretan gordetzen ziren bonbapetik ihesean zebiltzan hainbat familia. Hortik gertu dagoen Al-Aqsa ospitalera eraman zituzten zaurituak; gutxienez 53, Mugaz Gaindiko Medikuak GKEk igande iluntzean konfirmatu duenez.

Bada, gauerdi horretan bertan, Al-Aqsa erietxea bonbardatu du Israelgo armadak.

Sarraskia datutan

365 kilometro koadro baino ez ditu Gazako zerrendak: 40 kilometro luzeran, hamabi zabaleran. Nafarroako Baztan eskualdea baino zertxobait txikiagoa da, imajina egiteko.

2,1 milioi pertsona bizi dira –edo ziren; heriotzak eta kanpora irtetea lortu duten desplazamenduak kontutan hartuta– Gazako zerrendan. Jende asko bizi da bertan; metro koadroko, Bilbo Handian bizi denaren bikoitza.

Urriaren 7an Hamasek erasoaldia egin eta Israelek basakeria biderkatu zuenez geroztik, 2,1 milioi biztanle horietatik 1,9 milioik utzi behar izan dute beraien etxea. Noraezean dabiltza, Baztangoaren tamaina bertsuko leku batean, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren herritar guztiak bezainbeste pertsona.

Israelgo armadak ia 42.000 pertsona hil ditu urtebeteko epean Gazako zerrenda horren barruan.

Irudi eta grafikoak

Jarraian txertaturiko irudian, ikusi Gazako zerrendako errefuxiatuen gune ezagunenak, komunikabideetan hainbestetan agertu direnak, ezagunak  mordoxka aldiz bonbardatu dituztelako.

Irudia: Al Jazeera

Israelgo armada gaur egun non dagoen edo noraino iritsi den ikusteko grafiko argigarria ondu du Al Jazeera-k. Kolore horixka armada okupatzailearen lurreko posizioa da. Gorriz dagoen lerroa, berriz, 6,5 kilometrokoa, Israelgo indar armatuaren korridorea da, Gazaren iparraldea eta Hegoaldea bereizteko, elkarren komunikazioa galarazteko.

Irudia: Al Jazeera

Ondorengo irudian, Al-Shifa ospitalea. Ezkerrean, 2023ko azaroaren 7ko irudia; eskuinean, 2024ko apirilaren 1a.

Irudia: Al Jazeera

Azkenik, Gazako Meskita Handia, Gaza hirian kokatua, txiki-txiki eginda geratu da. Ezkerrekoa artxiboko irudia da, eta eskuinekoa 2024ko apirilaren 6koa.

Irudia: Al Jazeera

Irudi, datu eta infografia gehiago, Al Jazeera-k egindako webgune interaktibo honetan.