argia.eus
INPRIMATU
Bonba-gutun batek eztanda egin du Nazioarteko Diru Funtsaren Parisko egoitzan
  • Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) langile bat zauritu da ostegun goizean, bonba-gutun batek eztanda egin duelako erakundeak Parisen duen bulegoan.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 16a
Eztandaren ondoren dispositibo polizial handia jarri da martxan Parisen.

Gutuna ireki duen langileak aurpegian eta eskuetan egin ditu zauriak, AFP agentziak jakinarazi duenez.

Michel Cadot Frantziako hiriburuko poliziaburuaren esanetan, eztanda egin duen lehergailua etxean egindakoa da.

The Guardian egunkariak jaso dituen adierazpenen arabera, NDFren egoitzan telefono bidezko mehatxuak jaso zituzten aurretik, baina ez du argitu dei horiek eta gaurko atentatuak loturarik ote duten.

Inork ez du ekintza bere gain hartu

Lerro hauek idazten ari diren unean inork ez du Parisko ekintza bere gain hartu. Aste honetan bertan Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza ministroari zuzendutako lehergailu-pakete bat atzeman dute. 

BBCk Parisko ekintzaren berri eman duen albiste berean nabarmendu duenez, Greziako talde armatu anarkista batek hartu du bere gain beste lehergailu hori bidali izana, Suzko Zelulen Konspirazioa izena duen taldeak hain zuzen, zeina 2008tik aktibo dagoen.