Bonba bat aurkitu eta desaktibatu dute Ipar Irlandako Omagh herrian. Hildakoen Monumentuan atzeman dute lehergailua, Benetako IRAk (RIRA ingelesezko sigletan) orain dela hogei urte atentatu bat egin zuen leku berean: 1998an bonba bat jarri zuten herriko merkatuan eta 29 pertsona hil zituen. Omenaldiak ez dira bertan behera geratu eta agintariek “oztopoen gainetik hildakoak oroitzea” funtsezkoa dela adierazi dute.
Lehergailua dela eta, hildakoen omenez urtero egiten den desfilea ibilbidez aldatu dute. “Segurtasunagatik” hartutako neurria izan dela argudiatu du George Hamilton polizia buruak: “Atentatua oroitzeko urteurrenean izatea ez da kasualitatea. Ekitaldia oztopatu nahi zuten, baina ez dute lortu”.
Catherine Kelly Sinn Feineko kideak, aldiz, neurria ezbaian jarri du eta segurtasun arduradunei “axolagabekeriaz” jardutea leporatu die: “Guztiek dute eskubidea euren hildakoak nahi bezala oroitzeko eta Drumragh etorbidea itxi izanak eragin zuzena izan du beraien eskubidean”.
James Brokenshire Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ordezkariak esan du ekintza “nazkagarria” izan dela eta, ez horrelako ekintzek ezta ekintzen arduradunek ere, ez dutela gizartean lekurik. Gainera, hainbat agintarik nabarmendu dutenez, 1987ko Enniskillen herriko atentatutik hiru hamarkada bete dira eta horrelako zerbait orain gertatzea “tamalgarria” da. Enniskillen Fermanagh konderriko herri nagusia da, Ipar Irlandan. Hamabi pertsona hil ziren IRAk eginiko atentatu batean.
Gertakaria ikertzen ari da polizia eta herritarrei laguntza eskatu diete, “edozein informazio” emateko.