argia.eus
INPRIMATU
Bonba atomikoaren aurkako emakumeen martxa prestatzen ari dira ekainaren 17rako
  • Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Ligak antolatu du bonba atomikoaren debekua aldarrikatzeko elkarretaratze erraldoia AEBetako New Yorken, ekainaren 17rako. NBEen batzar nagusian herrialde gehienak negoziatzen ari diren debekuari sostengu soziala eman nahi diote.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko ekainaren 01a
Uztailean NBEk bozkatu behar duen debekua sustatzeko mundu osoko emakumeak mobilizatu nahi dituzte.

2016ko urrian hasita Nazio Batuen Erakundearen batzarra ari da mundu osoan bonba atomikoa debekatzeko proposamena aztertu eta negoziatzen. Justu bonba daukaten potentzia handienak kontra egon edo bileretara azaldu ez arren, batzarrak aurrera dirau bere ahaleginean eta berrikitan jakin denez maiatzean amaitu dute idaztea lehen zirriborroa. Orain ekain eta uztailean negoziatuko dute proposamena azkenean erabakia bozkatzeko. Historikoa izango da Nazio Batuen Erakundearen batzarrak lege bihurtzea arma atomikoen debekua.

Gaia aspalditik landu eta sustatzen duen ICAN Arma Nuklearrak Debekatzeko Nazioarteko Kanpaina koalizioaren kide da eta horren barruan WILPF Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Ligak hartu du bere gain ekaineko mobilizazio handia antolatzea. Bonba Debekatzeko Emakumeen Ibilaldi eta Elkarretaratzea ekainaren 17ko eguerdian abiatuko da, bazkalondoko 16:00etan amaitzeko Dag Hammarskjold plazan. Sinbolismoz betetako izena da Hmmarskjoldena: NBEn idazkari nagusi zelarik, Kongoko gerra zibilean bitartekari lanak egitera zihoala hil zen bere hegazkin ofizialari norbaitek tiro eginda, gaur askok uste dutenez Mendebaldeko zenbait potentziak antolatutako konplotean.

New Yorkekoari oihartzun eginez egun berean mundu osoan elkarretaratzeak burutzea da antolatzaileen nahia. Mugimenduaren webean ikus daitekeenez, oraingoz AEBetako zenbait hiriz gain Australian eta Eskozian daude deituta bonbaren debekuaren aldeko martxak.

WILPF Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Ligako partaideak bilkura batean. (Argazkia: WILPF)
WILPF Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Ligako partaideak bilkura batean. (Argazkia: WILPF)