argia.eus
INPRIMATU
Bolsonaroren gobernuak 197 agrotoxiko berri baimendu ditu bost hilabetetan
  • Dilma Roussefek presidentea izateari utzi zionetik nabarmen hazi da Gobernuak onartutako agrotoxiko kopurua, lurjabe handiek bultzatuta. Brasil pestiziden kontsumitzaile nagusietakoa da mundu mailan.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 29a
Landa eremu baten fumigazioa aire bidez.

Bolsonaro ultraeskuindarrak urtarrilaren 1ean hartu zuen Brasilgo presidente kargua. Ordutik, herrialdeko Nekazaritza Ministerioak 197 agrotoxiko edo pestizida berriren erabilera baimendu du. Azken lizentziak hilaren 21ean eman ditu Ministerioak, 31 produkturentzako. Gehienak aurretik baimenduta zeuden agrotoxikoen baliokideak dira, baina hiruk glifosatoa dute osagaien artean.

Glifosatoa herbizida bat da, sortzen dituen kalteengatik ezaguna. Debekatua izan ez bada ere, 2015ean Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) glifosatoa “gizakientzako ziurrenik minbizi-sortzailea” dela esan zuen, animalientzako horrela dela argudiatuta. Ez da neurririk hartu, ordea.

Agrotoxikoen erabilera masiboa aspaldiko arazoa da Brasilen, baina Dilma Roussef-en presidentziaz geroztik, produktu berrien baimentzea nabarmen hazi da herrialde hartan. Roussefen Gobernuaren azken urtean (2015) 139 produkturi eman zien baimena Gobernuak. 2018an 450 izan ziren, eta 2019ko bost hilabete hauetan 197 agrotoxiko baimendu dira.

Lurjabe handiak, legebiltzarrean bertan

Brasil agrotoxikoen kontsumitzaile nagusietakoa da munduan. Biztanleko eta urteko 7,3 litro kontsumitzen dira. Brasilgo nekazari txikien antolakunde nagusiek (MST, MPA) urteak daramatzate agrotoxikoen erabilera salatzen eta pestizidarik gabeko elikadura burujabetzaren alde egiten. Baina lurjabe handien presioa eta boterea handia da Brasilen: legebiltzarrean talde propioa osatzen dute (Nekazaritza Frontea) eta Tereza Cristina Nekazaritza ministroa talde horretako kidea da.