argia.eus
INPRIMATU
Bollurria ekimenak Azkaineko kaleak hartuko ditu urriaren 7an
  • Bolluriaren hirugarren edizioa ari dira egiten, sexu orientazio askotarikoak bistaratu eta bolleren arteko sareak indartu asmoz. Urriaren 1ean Lezon bildu ostean, urriaren 7an Azkainen egin dute hitzordua. Hilabetean zehar Euskal Herriko txoko ezberdinetan ekimenak antolatuko dituzte.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 04a
Lesbianen eskubideen aldeko manifestazioa. 1986-1992 artean, Bizkaiko mugimendu feministaren eta aktibismo bolleroaren testigu zan zen Elena Sarasola, eta berea da argazkia.

Euskal Herriko txoko ezberdinetako bollerek antolatuta, hirugarren aldiz ari dira gauzatzen Bollurria, bolleren arteko harremanak sortu, sarea indartu eta espazioak irabazteko helburuz. Antolatzaileek kazeta.eus-i azaldu diotenez, "inguratzen gaituen giro heteroarautuaren parean, komunitate ez normatiboen topaketa transfeminista da" esku artean dakartena, orientazio sexual askotarikoei ikusgarritasuna ematea bilatuz. Asmo horiekin, urrian zehar Euskal Herrian barrena hitzorduak egitea dute aurreikusirik. Horietan lehena urriaren 1ean egin zuten Lezon, eta hurrengoa urriaren 7an egingo da Azkainen.

Gaueko egitaraua antolatu dute data horretarako. Dom Campistronek emango dio irekiera egitarauari, Bekatorosak liburua jendaurrean aurkeztuz, iluntzeko 19:00etan Alboa ostatuan. Bertso poteoa egingo da ostean, Miren Artetxe eta Irati Alcantarilla bertsolariekin eta Ainhoa Urien gai jartzailearekin. Amaitzean, abiapuntu izandako Alboa ostatura egingo dute buelta, afaltzera. Egitaraua ixteko, DJ Aloe Berak girotuko du gaueko jaia. Parte hartu nahi duenak bekatorosak@gmail.com helbidera idatzi besterik ez du.

"Gure arteko komunitatea sendotzeaz gain, plaza publikoan eragitea dugu helburutzat, aniztasuna bistaraziz, hainbat pentsamolde aldatzeko asmoz", adierazi diote Kazeta.eus-i antolatzaileek.