argia.eus
INPRIMATU
Boliviako Poliziak bost hildakoren hilkutxak zeramatzan martxako manifestariak erreprimitu ditu
  • Gas negar-eragilearekin sakabanatu dituzte ostegunean El Altotik La Pazerako ibilbidea egin duten manifestariak.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko azaroaren 22a
Hildakoen hilkutxak lurrean, La Pazeko iskanbilen artean

Iskanbila larriak gertatu dira ostegunean Boliviako hiriburuan. El Alto herritik martxa bat hasi zuten milaka boliviarrek, eta haiekin batera Poliziak hildako bost pertsonaren hilkutxak eraman zituzten lepoan hartuta. Horren helburua izan da Boliviako estatu kolpearen osteko Gobernuak egindako akusazioari aurre egitea. Izan ere, Añezen gobernuak esan zuen hildako horiek talde armatuetako kideak zirela.

La Pazera helduta, hilkutxak polizia indarren ibilgailuen gainean ere jarri zituzten momentu batean. Poliziak gas negar-eragilea erabili du manifestariak sakabanatzeko. "Hildakoak ere ez dituzue errespetatzen” salatu dute han izandakoek, hainbat hedabidek jaso dutenez.

 

 

 

Zentsurak

Horrez gain, zentsura kasu ugari gertatu dira Bolivian. Tele Sur-ek adierazi duenez, “mehatxuak eta pertsekuzioak” jasaten ari dira kazetariak, gobernutik eta gobernuaren ingurutik. Adibidez, estatu kolpearen osteko Gobernuko komunikazio ministro Roxana Lizarragak sedizioa egotzi dio hainbat hedabide nazional eta nazioartekori.