argia.eus
INPRIMATU
Boliviako gobernuak Cesare Battisti iheslari komunista estraditatu du Italiara
  • 2004. urtetik Brasilen bizi izan da Battisti Lularen gobernuaren oniritziari esker. Jair Bolsonaro ultraeskuindarra boterera iritsi izanak bultzaturik, duela hilabete Boliviara egin zuen ihes. Urtarrilaren 12an atxilotu zuten Santa Cruz (Bolivia) hirian eta astelehenetik, Sardiniako (Italia) Oristano espetxean dago.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 15a
Cesare Battisti Italiara estraditu zuten hegazkinean. Argazkia: @ResumenLatinoAm

Komunismorako Armaturiko Proletarioak taldeko militante (1977-1979) eta idazlea, Italiara estraditatu du Boliviako Gobernuak. 1977 eta 1979 artean “hilketa eta terrorismo ekitza” batzuk egozten dizkio Italiako Justiziak, berak beti horiek ukatu baditu ere. Akusazio horien harira, biziarteko kartzela-zigorra ezarri zioten Battistiri. Baina 1981ean espetxetik ihes egin zuenetik, 37 urtez izan da ihesean.

Boliviako Carlos Romero ministroak El Deber egunkariari azpimarratu dionez, “derrigorrez estraditatu  behar izan dugu”, Battistiren migrazio egoera “irregularra” zela argudiatuz. Hala ere, Brasil eta Italiako Gobernu ultraeskuindarrekin kolaboratu izanagatik, kritika ugari jaso ditu Boliviako Gobernuak.

Hugo Moldiz ministro ohiak adierazi duenez, “Cessare Battisti Brasilera edo Italiara eramatean, bere eskubideak urratzen ari da Boliviako Errefuxiatuen Batzorde Nazionala”. Boliviako Gobernuarentzat “kostu politiko handia” izango duela ere gaineratu du.

David Tezanos Herriko Defendatzailearen iritziz, “Ez kanporatua izateko printzipioa urratzen du Battistiren estraditazioak, eta eskubide hori babesten du Errefuxiatuen Estatutuak, Amerikako Gorteetako Giza Eskubideen jurisprudentziak eta Errefuxiatuen Babeserako Legeak”.

Susana Bejarano politologo eta telebistako aurkezlea ere Boliviako Gobernuak harturiko erabakiaren kontra azaldu da, “munduko mugimendu ultraeskuindarren sareak opari bat jaso du. Non dago gure burujabetza, elkartasuna eta ideología?”.

Informazio gehiago

Cesare Battistiren bizitza eta egoerari buruzko artikulua idatzi zuen Koldo Izagirrek Bazka webgunean 2007an.