Evo Morales Boliviako presidenteak atzo adierazi zuen herrialdeko aireportu sarea nazionalizatuko dutela. Hala, Espainiako Abertis eta Aena enpresen esku zeuden hiru aireportuak administrazio publikoak hartuko ditu bere gain. Langileak pozik agertu dira erabakiarekin, lehendik enpresa pribatuaren inbertsio falta eta enpresaburuen soldata gehiegizkoak salatu zituztelako, besteak beste.
"Boliviari zor zaiona aitortu zaio, urte askoan ikusi dugulako enpresa hau boliviarrei iruzur egiten ari ziela, beraz presidenteak erabaki ona hartu du, Boliviar Aireportuen Zerbitzuko irregulartasun guztiak jakinarazi genizkiolako. Gure Gobernuarekin aurrera jarraitzeko eta enpresaren funtzionamendua bermatzeko gaitasuna daukagu", adierazi du aireportu zerbitzuko langileen ordezkari Alfredo Chávezek.
Etekin ekonomikoa lortu arren kontratuan finkatuta zeuden inbertsioak egin ez izana egotzi die Moralesek enpresa espainiarrei, nazionalizatzeko argudio gisa. Langileak kexu ziren terminalak luzatzeko edo berrikuntzak egiteko inbertsioak ez zirelako egin, langileekin zorrak zituztelako eta enpresaburuek gehiegi kobratzen zutelako. 2012ko martxoan Anthony Alicastro gerenteak Evo Moralesek baino zortzi aldiz gehiago kobratu zuela (12.700 euro inguru) adierazten zuen agiria erakutsi zuten langileek.
Ekonomia boliviarrerako estrategikoak diren arloak Estatuak bere gain hartzeko politikari erantzuten dio erabakiak, gasarekin, mineralekin eta zerbitzu publikoekin egin moduan. Enpresa handien eta bankuen eraginik gabe, herrialdearen garapena Estatutik planifikatzea da asmoa.
Espainia, deseroso
Espainiako Gobernuak adierazi du Boliviarekin dituen harremanak berrikusiko dituela, "indar publikoz egindako okupazio" hauen aurrean. Hamar hilabetetan, espainiar enpresen esku zeuden zerbitzuen hirugarren nazionalizazioa da hau.
Boliviako aireportu zerbitzua Londresko multinazional batek hartu zuen 1999an. 2004an, Abertisek eta Aenak erosi zuten eta ordutik Espainiako enpresen esku zegoen.