Supersur Handitzeari Ez! plataformak iragarri du manifestazioa. Proiektua geldiaraztea oraindik posible dela sinetsirik, kautelazko neurri gisa obrak geldiaraztea eskatuko dute.
Otsailaren 29an, larunbata, Bilboko Arriagatik abiatuko da Bolintxuren aldeko manifestazioa, 18:30ean. “Proiektua gelditu dezakegu oraindik” lelotzat izango duen mobilizazioaren bidez, Supersur autobidea handitzeko planaren bueltan Bizkaiko Foru Aldundiak darabilen “sekretismoa” salatuko dute. Horrez gain, kautelazko neurri gisa obrak geratzea ere exijituko dute.
Plataformak jakinarazi duenez, proiektuak 2017tik iraungitua du Ingurumen Eraginaren Adierazpena, nahiz eta Aldundiak "bidegabeko egoera hau ezkutatu nahi izan" duen. Egoera horren aurrean plataformak helegitea jarri zuen auzitegietan, eta hargatik, epai bat egon artean obrak kautela-neurri gisa gelditzea eskatzen dute. Ohartarazi dutenez, obrak bere horretan jarraituz gero, “tarte labur batean prozesu atzeraezin batekin topo egin dezakegu".
Supersur handitzeak Bolintxuko haranari eragingo lizkiokeen kalteen inguruan jendea sentsibilizatu nahi du plataformak, mobilizazioak indartu asmoz. Helburu horrekin, manifestazioren aurretik ekintza gehiago egingo direla aurreratu dute.
Batetik, Bilboko inauterietan, Bolintxun bizi diren animalia mozorrotuko dira Bizizaleak konpartsako kideak; Bilboko kaleak azeriz, basurdez, igelez, saguzarrez eta arranoz beteko dituzte. Bestetik, otsailaren 29ko manifestaziora deituz, hiriburuko hainbat tokitan mahai informatiboak jarriko dituzte.
Plataformak irekia izango du atxikimendu adierazpena otsailaren 29ra arte, nahi duten kolektiboek beren elkartasuna adieraz dezaten.