Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.
Ouattara presidentearen iragarpenak oharkabean harrapatu zituen Frantziako agintariak, Al Jazeerak dioenez. Ouatara Frantziaren afrikar agintari gertukoenetakoa ei da eta joan den abuztuan Emmanuel Macron lehendakariak afaria pribatua eskaini zion Eliseoan. Urrian lehendakaritzarako hauteskundeak izango dira Boli Kostan, eta hori ere esanguratsua da: 2010etik boterean dagoen mandatariarentzat garrantzitsua da Frantziarekin harreman militarra etetea bere herritarren aurrean.
Erabakiak erakusten du Frantziak gero eta zailtasun handiagoa duela Afrikako bere kolonia ohietan zuen eragin ekonomiko eta militarra mantentzeko. 2004ko azaroan Senegalek eta Txadek antzerako iragarpenak egin zituzten. Senegalek Frantziako base militarrak itxi zituen bere lurraldean. Txadek bertan behera utzi zituen Frantziarekin sinatutako segurtasun eta defentsa akordioak.
Urte gutxitan Frantziarekin harreman militarrak hausten dituen zazpigarren estatua da Boli Kosta. Aipatu Senegal eta Txaden aurretik, 2022an Afrika Erdiko Errepublika eta Mali izan ziren, eta 2023an Burkina Faso eta Niger.
Horrela, Frantziak Afrikako bi herrialdetan bakarrik mantenduko ditu soldaduak aurrerantzean, Gabonen eta Djibutin. Gabonen 350 bat soldatu ditu eta 2025ean 200era jaitsiko dira, eta soilik arituko dira bertako armadako soldaduen formakuntzan. Djibutik 1.500 soldadu geratzen zaizkio.
Le Monde Diplomatique-k iragan abenduko artikulu batean zioenez, Macron lehendakariak Jean-Marie Bockel Elkarlan ministroari agindu zion txostena egin zezan aztertzeko aurrerantzean zer izaera eman behar zion Frantziak Afrikan izandako presentzia estrategikoari.
Ministroak prest zuen txostena iragan azaroaren 30erako, baina ez zen gai izan iragartzeko ordu batzuk geroago Senegalek eta Txadek egin zituzten iragarpenak. Areago, Txadekoaren berri eman zuten Jean-Noël Barrot Atzerri ministroak herrialde hartara egindako bisitaren ordu gutxitara, hark iragarpenaren susmorik izan barik.
Parisek gero eta informazio gutxiago du Afrikako bere kolonia ohietan gertatzen ari denaz. Hilabetekariaren arabera, horren arrazoietako bat, halaber, kontinente hartan dituen kooperanteen galera: 1990ean 10.000tik gora zituen eta gaur egun 700 bat besterik ez. Horrek, besteak beste, herrialde horietan egunero gertatzen denaren berri izatea eragozten dio.
Azken hamarkadetan izandako galera ekonomikoa ere handia izan da. La Vanguardiak gaiaz jorratutako artikulu sakonean dioenez, 2000. urtean Afrikak zuen komertzio guztiaren %10 Frantziarekin egindakoa zen, eta gaur egun %5etik behera jaitsi da. Aitzitik, mende hasieran Txinaren inportazio eta esportazioak %2koak ziren, eta gaur egun %20,5etik gorakoak dira.