argia.eus
INPRIMATU
Boli Kosta, frantses armadaren Vietnam berria?
2003ko urtarrilaren 26a
Pello Zubiria pzubiria@argia.eus Frantziak 2.500 soldadu bidali ditu su etena zaintzera, Parisen bertan antolatu du bake negoziaketen egoitza, Kontseilu Konstituzionalean pedigririk onena duten juristetako bat -Pierre Mazeaud- ipini du negoziaketen buru... horra zer nolako garrantzia ematen dion Parisek Boli Kostako gerra zibila ondo amaitzeari. Frantziako armada ("gure bi armadetako bat" esan beharko luke euskaldunak ironiaz) gatazka konplexu batean dago sartuta. Aspaldiko partez, frantses telebistak erakutsi dizkigu "gure" militarrak frontean, tiroka, blindatu ttikiekin erasotzen, tiroak jasaten, soldadu zaurituak... Medebal Afrikan gertatzen da guzti hori, Boli Kostan. Eta bertatik iritsita, helburu humanitarioetatik haratago doazen operazioen eta benetako batailen irudiak erakutsi dizkigute. "Licorne" operazioaren barruan bidalitako 2.500 militar frantses horiek helburu bat baino gehiago dituzte beren lanean. Hasteko, jatorri frantseseko herritarrak zaindu behar dituzte Afrikako tierra ez hain urrun horietan. 25.000 inguru omen dira, gehienak Abijan hiriburuan eta San Pedron bizi direnak. Bestetik, Gbagbo lehendakariaren eta errebeldeen artean sinatutako su etena zaindu behar dute. Baina militarrek badute kezka -pribatuan hala aitortu diete kazetariei- Gbagbo lehendakaria errebeldeen kontrako gerra frantsesek egitea nahi ote duen. Ororen buru, hala ere, Frantziak Boli Kostan dituen interesen itzalak eraman ditu bertara 2.500 militar horiek. Mendebal Afrikako Ekonomi eta Moneta Batasunaren (UEMOA) kidea da Boli Kosta, CFA Frankoa da bere moneta, eta Frantzia du bazkide komertzial nagusia. Hizkuntza ofiziala frantsesa duela ahaztu gabe. Telekomunikazioak, energia, ura, garraioak, bankuak, eraikuntza, obra publikoak, agro-industria... France Télécom, Bouygues, Société Générale, Crédit Lyonnais, BNP, Air France eta TotalFinaElf dira hemen kokatutako enpresa frantses nagusietako batzuk. 60.000 langilez goiti da 210 filial frantsesen enplegatu, eta horietatik landa beste 40.000 ari omen dira frantsesek kontrolatutako enpresa ttiki eta ertainetan. Urte luzez -1990a arte- estabilitate ispilu izan da Mendebal Afrikan Boli Kosta: munduko kakao produktore nagusia da, turismoarentzako erakargarria zen, inbertsioetarako leku lasaia bermatu zuen 30 urtetan etenik gabe aginduz Houphuët-Boigny diktadoreak... eta Abijanen kokatu ziren bai Garapenerako Afrikako Bankua (BAD) eta bai Mendebal Afrikako Ekonomi eta Moneta Batasunaren (UEMOA) Banku Zentrala. Herrialde honek dituen 15 milioi biztanleren artean 4 milioi ondoko herrialdeetatik bizimodu hobe bila etorritako etorkinak ditu. Geroztik, ordea, paradisua purgatorio bilakatua dirudi. Kakaoaren prezioak hondoratu egin ziren, CFA Frankoa baliogabetzen hasi zen, Houphouët-Boigny nola ordezkatu ez zuten asmatzen bertako eliteek, ondoko herrialdeetan gerra eta odol isurtze ikaragarriak hasi ziren gertatzen... eta 1999tik aurrera, Boli Kostan aspaldi ezagutu ez ziren pustch militarrak hasi ziren gertatzen, bata bestearen ondotik. Urte luzez kontrolpean -indarrez estalita, alegia- edukitako arazo etnikoak lehertu dira Boli Kostan ere orain. Bapatean, "mirari ekonomikoaren" garaian harrotasunez erakusten ziren Ghana, Burkina Faso, Mali edo Liberiako etorkinak soberan egoten hasi ziren. Baina are larriagoa izan da Boli Kostaren batasunaren porlan gisa eraiki nahi izan den "ivoirité" delakoa (herritartasuna: Côte d'Ivoire da herrialdearen izen ofiziala) funtsik gabea gertatu dela. Mendebal Afrikako ekaitzen erdian 2.500 militarrek bermatu nahi dute Frantziaren posizio geoestrategikoa. Jacques Chirac pertsonalki ari da krisia eta negoziaketak kontrolatzen, berak bidali du Defentsa Ministroa Boli Kosta bertaraino. Arrisku guztien gainetik, Parisek puntu hau baloratu duela dirudi: ezin zaio berriro gertatu Rwandan pasatakoa. Baina nahi izatea bat da eta ahal izatea oso beste bat. Erreportajea oso-osorik irakurri nahi izanez gero, egin klik hemen Beste zenbait lotura: - Abidjan.net Boli Kostako aktualitatea on line jarraitzeko. - Mouvement Patriotique de Côte-d'Ivoire talde politiko errebelde nagusia, ipar aldean nagusi dena. - La Côte-d'Ivoire a la dérive Boli Kosta eta Mendebal Afrikari buruzko dossierra "Le Monde Diplomatique" hilabetekarian. - "Human Rights Watch". Herrialde honi buruzko informea.