argia.eus
INPRIMATU
Kronika
Bolante baten zauria
  • Ikusi dute Bilbon, Madrilen eta beste hainbat lekutan, baina ostiral honetan estreinatuko da bere plazan, Iruñean, Bolante baten historia. Ostegun gauez egin zen aurrestreinaldia hiriburuzagian, aretoa jendez eta ikusminez lepo. Txalo zaparrada ozen eta luzeak eman zion amaiera dokumentalari.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko azaroaren 19a
Eneko Etxeberria anaiaren autoaren bolantearekin. (Arg.: Bolante baten historia)

Filma hasi aurretik Madrilen eta gainerako lekuetan oso ondo hartu dela azpimarratu zuten ikus-entzuleen aurrean Iñaki Alforja eta Iban Toledo zuzendariek, baina Iruñea zela filmaren egiazko plaza, eta urduri zirela. Urduri ziren moduan ikus-entzuleetako asko, haien artean dokumentalaren protagonistak.

Duela 41 urte Ipar Euskal Herrian desagertutako Jose Miguel Etxeberria, Naparra, Komando Autonomoetako militantearen desagertzea da dokumentalaren muina; hori eta haren familiak lau hamarkadatan semearen eta anaiaren arrastoaren bila bizkarreratzen duen sufrimendua. Desagertzea eta Naparra bera dira nagusi filmaren hasieran, baina etengabe protagonista den Naparra-ren anaia Eneko Etxeberriak eta haren familiak –Amaia bikotea eta Oier semea– gero eta leku handiagoa hartzen dute.

Haien etxe eta bizitzen barreneraino sartuta egin dute pelikula, eta horrela lortzen dute zuzendariek haien minak ikus-entzulearen erraiak ukitzea. Gogorra da kontakizuna, gogorra filma, baina eskertzekoa, familia baten sufrimendura hurbiltzen gaituelako; eta gatazkaren memoria berreskuratzeko lanean urrats bat gehiago dakarrelako; beste ikuspuntu bat gehiago gehitzen duelako puzlera, Alforjak dioen gisan.

Memoria da filma, eta egungo eskubide urraketa ere bai, Eneko Etxeberriak garbi utzi zuen filmaren ondorengo solasean: “Estatuen bortxazko desagertzeak argitu arte dira gizateriaren aurkako krimenak”. Justizia egitea behar du Naparra-ren oroimenak, bakea haren sendiak, gorpuaren hezurrak berreskuratu eta lau hamarkadako doluari amaiera eman.

Eneko da protagonista nagusia, eta haren guraso ziren Celes Alvarez eta Patxi Etxeberria ere pantailan dira, semerik ezean etxera bolante bat eraman zuten haiek. Oier eta Amaia ere osagai nagusiak dira. Oier nabarmentzen da, familiako baserriaren oinordekoa, Naparra-ren auzia bideratuta aitaren zama eraman beharko ez lukeen etorkizuna. Lau urte pasatu dituzte zeluloidearen sareetan harrapatuak.

Kasua orain

2017an egin ziren Naparra-ren gorpuaren bilaketa lanak Mont-de-Marsanen. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu ondoren, sei hilabetetan lortu zen Frantziako Estatuan miaketa lanei ekitea. Orduan bi leku zeuden aztertzeko, baina bakarra miatu zuten. Orain bigarren eremua arakatzea falta da, familiaren eskariz Auzitegi Nazionalak duela hiru urte egin zuen eskaria, baina oraindik ez du Frantziako agintarien erantzunik. Horren zain da familia, jadanik ezinean. Horren zain, eta beste familia asko moduan, Espainiako Gobernuak sekretu ofizialen legea noiz zabalduko duen esperoan, haien ustez ate horren bestaldean egon baitaitezke oraindik argitzeke dauden kasu askoren klabeak.

“Zuen ama Celesek zioen gisan, hartu baserriko aitzurrak eta joan”, galdegin zion emakume batek Enekori solasaldian. “Gogo faltarik ez –ihardetsi honek–, baina dena legez egin behar da. Imajina bagoazela, topatzen dugula eta leporatzen digutela guk geuk sortu izana istorio hau guztia. Ez, dena justiziaren kontrolpean egin behar da”.

2013an NBEaren aitortzarekin hartu zuten pozaren berri ematen du Enekok dokumentalean. Badu garrantzia uneak, ordura arte, hemengo instituzioek urrutitik begiratu baitzioten kasuari; edo, okerrago dena, 2000ko hamarkadaren hasiera arte ezikusiarena egin zuten. Nazioartera iritsi da kasua ezagutza haren bidez, eta nazioarteko oihartzun hori areagotzea espero du Naparraren anaiak, Eneko Etxeberria bakarrik izan nahi duen anaia horrek.

Nazio Batuetatik etorritako hura ukendu instituzionala izan bazen Enekok solasaldian aitortu zuen moduan, ukendu soziala dira filma eta areto betearen txaloak.