Coimbrako Unibertsitatean doktoretza egin zuten hiru ikerlariren salaketei Bella Gonçalves diputatu brasildarraren eta Moira Ivana Millan aktibista maputxearen testigantzak gehitu zaizkie. Unibertsitateak ikerketa abiatu du eta kargugabetu egin du amaitu bitartean.
Boaventura de Sousa Santos soziologo portugaldarrak egindako sexu abusuak salatu dituzte azken egunetan hainbat emakumek. Europako ezkerreko intelektual prestigiotsuenetako bat da soziologoa, Hegoaldeko epistemologietan eta dekolonialitatean erreferentea. Besteak beste, Derechos humanos, democracia y desarrollo liburua idatzi zuen eta mundu mailako topaketa eta foroetan parte hartu izan du.
Gertakari horiek lehen aldiz hiru ikerlarik aipatu dituzte Jokabide sexual desegokia akademian ikerketan. Belgikako, AEBetako eta Portugalgo ikerlariek De Sousa Santosen izena esplizituki eman ez badute ere, erreferentzia egin diote "irakasle izar" ezizena erabilita. Azaldu dituzten abusuak 2011 eta 2019 urteen artean Coimbrako Unibertsitateko Gizarte Ikasketen Zentroan (CES) gertatu ziren. Soziologoa zentroko irakasle eta zuzendaria zen orduan.
Testuan, salatu dute instituzioek De Sousari sexu abusuak egitea eta nagusikeriaz aritzea ahalbidetu diotela. Horrez gain, soziologoari leporatu diote ikerlari eta akademikoen ideiez eta testuez jabetzea.
Coimbrako Unibertsitateak ikerketa martxan jarri du eta irakaslea kargugabetu egin du ikerketa amaitu bitartean. Berdin jokatu du Bruno Sena Martins irakaslearekin, hari ere sexu abusuak leporatu baitizkiote.
Testigantza gehiago
Testuak hautsak harrotu ditu, eta akademikoaren partetik jasandako sexu abusu gehiagoren kasu eman dute zenbait emakumek. Horien artean, Bella Gonçalves diputatu brasildarrak. CESen egin zuen doktoretza 2013 eta 2014 urteetan, eta De Sousa Santos izan zen bere aholkularia.
Moira Ivana Millan aktibista maputxeak El Salton salatu du 2010ean izan zela sexu abusuen biktima. Portugalera joan zen Ivana Millan konferentzia bat ematera, De Sousa Santosek eskatuta. Akademikoak familiako jatetxe bat ireki zuen beraientzat bakarrik, eta ondoren bere etxera eraman zuen. Han gertatu zen erasoa.
Aktibista maputxeak azaldu du gertatutakoa kontatu zuela, eta esan ziotela ez salatzeko, gertakari hori "eskuinak instrumentalizatuko" zuelako.
Gizarte Zientzien Latinoamerikako Kontseiluak (CLACSO) ere bertan behera utzi du de Sousa Santosek bertan zuen jarduna, ikerketa amaitu bitartean. Ivana Millanek, ordea, elkarrizketan salatu CLACSOk betidanik izan duela portugaldarrak egin zion erasoaren berri, eta, hortaz, konplize dela.
De Sousak erasoak ukatu ditu
Manifestua sinatu dute 250 akademiko eta kulturako pertsonek, biktimei elkartasuna erakusteko. De Sousak, aldiz, ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak eta Sena Martinsekin batera salatu du "difamazio anonimo" baten biktima direla. Testua argitaratu duten hiru ikerlarien "mendeku pertsonal" gisa definitu du salaketa.