argia.eus
INPRIMATU
BMW, Mercedes, Volkswagen eta Wintersahll Dea auzitara, krisi klimatikoa elikatzeagatik
  • Volkswagen, BMW eta Mercedes-Benz auto ekoizleen aurka egingo dute hainbat talde ekologistek. Krisi klimatikoa elikatzen dutela leporatuta, auzitara eramango dituzte, barne-errekuntzako motordun autoak 2030erako eraikitzeari utz diezaiotela eskatuz. Wintershall Dea petrolio-konpainia ere eraman nahi dute epaitegietara.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 07a

Alemaniako Greenpeacek, Deutsche Umwelthilfe elkarteak eta Fridays For Future mugimenduko aktibistek abiatu dute bide judiziala. Klima krisiaren kalteak nozitzen ari garen bitartean eta etorkizunerako kalte handiak aurreikusten diren honetan, auto ekoizleek beste alde batera begiratzen jarraitzen dutela diote ekologistek. Klima krisia elikatzen ari direla eta hori ez dela legala argudiatu dute, Parisko akordioaren aurka doalako. Barne-errekuntzako motordun autoak egiteari uzteko planak azkartzea nahi dute aktibistek, eta 2030ean jarri dute muga.

“Enpresa handiek gure baliabideak eta biloben etorkizuna suntsitu ez dezaten balio behar du justiziak”, diote ekologistek. Hain juxtu, bide legalak Angela Merkelen gobernua behartu zuen lege klimatikoa hobetzera, apirilean.

Hainbat ikerketaren arabera, Europar Batasunean jaurtitzen den CO2aren %30 garraio industriari dagokio.

Bestalde, Wintershall Dea konpainia ere auzitara eraman nahi dute elkarte horiek, petrolioa eta gasa esplotatzeko gune berriak irekitzeari utz diezaion 2026 urterako. Urtero berotegi efektuko 80 milioi tona gas isurtzen ditu konpainiak airera, elkarte hauek salatu dutenez.