argia.eus
INPRIMATU
Blusa eta nesken salaketari, planto
  • Gasteizko Blusek eta Neskek salatutako bi emakumeak ez dira gaur epaiketara aurkeztu, jaietan aldarrikapen ekintza bat egiteagatik zeukaten auzira.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko otsailaren 05
Planto egingo dutela adierazteko prentsaurrekoa eskaini dute ostegunean. (Argazkia: Alea)

Epaiketa zuten gaur Maialen Saez de Okarizek eta Izaskun Goienetxeak. Gasteizko jaietan (abuztuaren 8an), jai parekideen alde protesta ekintza egin zuten zezenetara bidea moztuz, eta horren aurka salaketa jarri zien Blusen eta Nesken Batzordeko presidenteak, Luis Izagak, "bortxa" leporatuta.

Auziarekin bat ez etorri, eta ez dira epailearen aurrean aurkeztu; areago: salaketa kentzeko dei egin diete Blusa eta Neskei, auzitegiaren aurrean eskaini duten prentsaurrekoan. Era berean, jai ereduari buruz "hausnartzera" gonbidatu ditu, "hain barneratuta dituzten dibertitzeko erak ezbaian jar ditzaten, onartezinak diren jarrerak aldatzeko".

 

"Auzia ez da blusak bai ala blusak ez; feministak bai ala feministak ez; benetako auzia hauxe da: prest al gaude zinez emakumeon aurka ematen diren eraso guzti horiekin amaitzeko?", adierazi dute salatuek. Hain zuzen, uste dute "eztabaida hori mahaigaineratzeagatik" izan direla epaituak, eta hainbat galdera aireratu dituzte: "Aukera al dugu emakumeok izaera sexista duten 'txantxen' parte izateari uko egiteko? Aukera al du inork maricón el que no bote kantatzen denean salto egiteari uko egiteko, inolako errezelorik sortu gabe?".

Haien iritziz, beharrezkoa da Gasteizko jai ereduari buruzko eztabaida, eta bide horretan hiriko eragileekin elkarlana egiteko prest agertu dira.

Oharra: Albiste hau Arabako Aleatik ekarria da Creative Commons lizentzia libreei esker.