argia.eus
INPRIMATU
Blokeoa gainditzeko bi topagune: Donostia eta Miarritze
  • Bilbon iragarri zuten IV. Foro Soziala, presoak eta armagabetzea lehentasun. Donostian eta Hendaian (martxoaren 10ean eta 11n) egitekoak ziren topaguneak. Hendaiakoa Miarritzera eraman da, eta martxoaren 17-18ra atzeratu.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko otsailaren 27a
Christophe Desprez eta Anaiz Funosas Bake Bideako kideak. (Argazkia: Bob Edme)

Martxoaren 10ean eginen den Foro Sozialean, Donostian, iheslari eta deportatuen egoera landuko dute bereziki. Espainiako eta Frantziako estatuen legediak aztertu nahi dituzte, eta araudietan dauden korapiloak identifikatu, baita hartara, iheslari eta deportatuen egoerari irtenbideak bilatu ere.

Foroa eratze bidean, antolatzaileak gizarte zibileko dinamika aztertu dute eta erakundeekin batzartu dira. Sare, Etxerat eta sindikatuekin, besteak beste. Preso eta errefuxiatu kolektiboen ekarpenak ezagutzera emanen dituzte. Halaber, Frantziako epaile bati eskaera egin diote Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bozeramaileekin biltzeko.

Armagabetzeari buruzko arazoa da Foro Sozialak landu nahi duen bigarren puntua. Iparraldeko Bake Bideak kolektiboak “armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura” jarri nahi du; lema hori hautatu du hain justu Topagunea ezagutzera emateko, martxoaren 17 eta 18an izanen da Miarritzen.

“Blokeoa gainditzeko nahikoa indar eta borondate dago, eta adostasunak lortzeko eremua Euskal Herria da”, adierazi du Peio Dufau kolektiboko kideak. Adostasuna erakundeetan nahi dute landu eta bermatu, hau da, Euskal Herriko hiru eremu instituzionaletan:  Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Ipar Euskal Herria.

Miarritzeko Foroan, Euskal Herriko egoeraz hausnartzeaz gain, Kolonbiako gatazkaren bake eta armagabetze prozesuan eman dituzten urratsak aztertuko dituzte, eta hemengo prozesurako baliagarria izan daitekeena kontuan hartu.

Desarmatzeari dagokionez, Lapurdiko Luhuso herrian bizitakoa "mugarri" baten adierazletzat jo izan da, ETAren zein gizarte eragileen aldetik. Gizarte zibilak bake prozesuan egin dezakeen ekarpena aintzat hartu izan da, haien ustez. Antolatzaileek  “sentimendu kolektibo” bat dagoela baiezta ahal izan dute beren azken ekimenetan.

“Etapa berri batean gaudela” pentsatzen dute Donostian eta Miarritzen egitear dauden foroen antolatzaileek. Azken hilabeteetan izan diren ekimen eta agerraldi publikoen sinergia biltzeko, norabidea ongi finkatzeko eta zehazteko balio behar dute martxoko topaguneek. Hitz batean, bi estatuek ezarri duten “blokeoa” gainditzeko.