Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.
Gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute iragan abenduaren 15ean epaituriko bederatzi bakegileek; hots, behin-behinean ez dute ordaindu beharko, baina berriz kondenatua izanez gero bai. Hori horrela ez dute Iazko uztailaren 23an Bake Bideak bideraturiko blokeo egunaren baitan trenbidea oztopatzeagatik epaitu zituzten eta gaur plazaratu dute epaia. Ekimen horren bidez 32 urte preso zeramatzaten Jakes Esnal eta Ion Parot preso lapurtarren askatasuna eskatzea zutela xede –hortik gutxira, urriaren 13an atera zen presondegitik Ion Parot eta urriaren 18an, berriz, Jakes Esnal–.
Bake Bideak desobedientzia zibilaren hautua azaltzeko eta euskal gatazkaz aritzeko aukera gisa kokatu zuen epaiketa: "Nahi genuen auzia izan dugu; Frantziako Estatua jarri dugu auzitan". Hitz horiek izan zituen Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak epaiketatik ateratzerakoan. Anne-Marie Mendiburu abokatuak "premiazko egoera" alegatu zuen, argi utziz herritarren ekintza horiek gabe, Esnal eta Parot "heriotza zigorrera kondenatuak" zirela. Bakegileen beste abokatu Hervé Espietek euskal gatazkaren "egunerokotasuna" deitoratu zuen, "ekintza-errepresio etengabeko zirkulu zikoitzaz" ohartaraziz.
Daniel Olzomendi Euskal Hirigune Elkargoko turismorako lehendakariordea, Jean-Daniel Elixeri Bake Bideako kidea zein Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, hainbat lekuko egon ziren epaituen aldean.
Anne Kayanakis prokuradoreak 1.500 euroko isuna atzerapenarekin galdetu zuen ekintzaile bakoitzarentzat. SNCF tren konpainiak bezperan jakinarazi zuen parte zibil gisa jarriko zela eta 159.000 euroko kalte ordaina galdetu zuen. Eskaera hori uztailaren 3an aztertuko dute.
Berrehun bat lagun bildu ziren Akizeko auzitegi aitzinean, auzipetuei elkartasuna adierazteko, Bakea Euskal Herrian. Bederatziak errugabetu zioen pankarta batekin. Hemen Anais Funosasen bukaerako eskerrak eta balorapena:
Heldu den ostegunean ere epaituko dituzte beste hamaika bakegile, aldi honetan autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzea eginen dute Baionako auzitegi aitzinean elkartasunez, 13:00tatik aurrera.
Orotara 1.600 herritarrek bat egin zuten Bake Bidearen hitzorduarekin iazko uztailaren 23an eta guztien artean lortu zuten blokeatzen garraiobide andana –aireportu, trenbide, autobide zein bestelako errepideak ere–. 26 lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak.