argia.eus
INPRIMATU
Blogetan! lehiaketak blogari aktibo, umoretsu eta kritikoak saritu ditu aurten
  • Xerezade, 27 Zapata, Kontra-kantxa eta Laborategia izan dira Azkue Fundazioak eta ARGIAk elkarlanean antolaturiko lehiaketako aurtengo irabazleak. Horrez gain, Kablegintza eta Kablelariak eta Begane blogak ere ARGIAren urte osoko kidetzarekin saritu dituzte.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 05
Bilboko Euskararen Etxean banatu zituzten sariak (arg: Argia)

Blogetan! “blog izarren bila” ekimenean, ostegun arratsaldean ezagutarazi zituzten aurtengo irabazleak zein diren, lehiaketako lau kategorietan. Blogak testutik harago jardunaldietan izan zen hori. Bilboko Euskararen Etxean egindako jardunaldietan hainbat adituk teknologia berrien inguruko azken joeren inguruan hitz egin zuten, hala nola sare sozilen eta blogen arteko loturak, podcastak, audioen abantailak eta Creative Commons lizentziak eskaintzen dituen aukerak, besteak beste. Hainbat esperientzia konkretutatik zer ikasi ere aztertu zuten jardunaldian.

Kultur arloan Xerezadek eraman du saria, Jasone Larrinagak eta Ana Moralesek zuzendua, epaimahaiaren iritziz “oso aktiboak” direlako blogean zein sare sozialetan, eta eskaintzen dituzten audioek lan handia eskatzen dute, bestalde.

ARGIAko blogari Imanol Epelderen 27 zapata-rentzat izan da gizarte eta politikako saria. Bere estilo “bizia” azpimarratu dute epaileek, baita Youtubeko hizkuntza menderatzea eta horren bidez gogoeta mamitsuak egitea ere: “Oso aktiboa da, umoretsua eta originala”.

Emakumeen kirola sustatzea helburu duen Iruñe Astitzen Kontra-kantxa bloga izan da aisiako kategorian irabazle, “aldarrikapena tonu umoretsu eta alaian egiteko trebezia du”. Eta zientzia eta teknologiaren arloan Laborategia-k jaso du saria; Dabid Martinez blogaren arduradunak gai teknikoak “era humanoan” eskaintzeko erakutsitako abileziagatik, besteak beste.

ARGIAk eman ohi duen blogari berrienarentzako saria hutsik geratu da aurten, baina urtebeteko kidetzarekin saritu dituzte Kablegintza eta kablelariak eta Begane blogak. Gainerako saridunek Bernat Vidal artistaren garaikurra eta 200 euroko txekea jaso dute.