Anniken Jørgensen Norvegiako moda blogariak hilabete eman du Kanbodian, bertako ehungintzako langileekin batera, reality batean parte hartuz. H&M multinazionalaren langileek jasaten dituzten lan-gehiegikeriak bere blogean salatzean arazoak izan ditu: "Programaren produktoreak deitu zidan elkarrizketetan H&M ez aipatzeko eskatuz".
"Bertako langileek goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara lan egiten dute eta ez dute jai egunik. Ezin dute janari edo edaririk eraman, arropan ez isurtzeko. Bero asko egiten du eta presiopean lan egiten dute, egunero hiru dolar baino ez jasotzeko. Zaindari armatuak daude edonon, eta akats txikiren bat eginez gero kalean zaude", kontatu dio Jørgensenek Eldiario.es-i.
"H&Mk 3.000 milioi dolarreko irabaziak ditu urtean, eta bere langileek hiru dolar baino ez dituzte jasotzen egunean. Hilabeteko 160 dolar eskatzen dituzte jan ahal izateko. Oinarrizkoena da... baina ematen du beraien bizitzek ez dutela importa", salatu du blogariak.
H&Mk dio blogari norvegiarraren salaketa faltsua dela, ez dela inor beraiekin kontaktuan jarri eta ez dituztela enpresaren hornitzaileak bisitatu programaren grabaketak iraun duen bitartean. Jørgensenek azaldu du multinazionalaren fabriketan sartzen utzi ez zieten arren, bertako langile askorekin hitz egiteko aukera izan zuela: "Gauza oso gogorrak kontatu dizkigute. Grabaketetan aurpegia estaltzen zuten, beren lanak galtzeko beldur zirelako. Kanbodian greba egiten baduzu, lana galtzen duzu zuzenean".
"Itzultzean zerbait egin behar nuela erabaki nuen", adierazi du blogariak. "Programa eta gero ez dut ezer erosi. Daukadana estimatzen saiatzen naiz. Nik janzten dudan arropa eskuz eta baldintza negargarrietan fabrikatu dute", esan du.
Anniken Jørgensen H&Mrekin bilduko da hurrengo asteetan. Gainera, egunkari batek bileran jazotakoa biltzeko prest agertu dela jakinarazi du.