Gasteizko Udalean Marotori alkatetza kentzeko eskaera egin berri dute kultura, gizarte eta politika alorreko hainbat pertsonaia ezagunek. Mugimenduaren bultzatzaile diren Blanca Urgell eta Joseba Azkarraga sailburu ohiak Info7 irratian izan dira. Biak ados agertu dira Marotok azken lau urteetan erabili duen diskurtso eta praktika xenofobo eta arrazistak ezin duela beste lau urtez jarraipena izan.
Posizio ideologiko ezberdinetako jendea izanik ere –Urgell Patxi Lopezen Jaurlaritzan izan zen Kultura sailburu eta Azkarraga Ibarretxerekin Justizia sailburu– Azkarragak adierazi du “oso erraza” izan dela gai honetan ados jartzea. Nabarmendu du Gasteiz beti izan dela “hiri oso irekia, kanpotik datorrenarekiko elkartasun handikoa”, eta horren alde abiatu dutela kanpaina.
Bestalde, Blanca Urgellek azpimarratu du ekimenaren helburua ez dela inolaz ere “formazio politiko bat deskalifikatzea”. Bere hitzetan, “gizarte solidario” bat eraikitzeko ezinezkoa da Marotok darabilen diskurtsoa erabiltzea: “Alkate batek, beste funtzio askoren artean, funtzio pedagogikoa ere badu, eta erreferente izan behar du bere gizartearentzat”.
Bi kontseilari ohiek aipatu dutenez, Espainiko Estatuko beste hainbat tokitan ere eman da oposizioak alkatetza kentzea Gasteizko antzeko kasuengatik. Ez da, beraz, arrarotzat hartu beharrekoa, normaltasun osoarekin eraman behar da. Azkarraga argi mintzatu da honetaz: “Marotok 9 zinegotzi atera ditu, oposizioak 18. Oposizioari babesa eman dien hiritarren %70 hori ez dago ados Marotoren politikarekin”.
Oposizioari bi eskaera garbi egin dizkiete: Lehenengoa, elkarrekin harremanetan jar daitezela akordio batetara iristen saiatzeko. Bigarrena, laguntza sozialen programa birbegiratu dezatela, programa solidario bat lortzeko.
Biak ere itxaropentsu azaldu dira elkarrizketan, eta Udalean aldaketa egotekotan, pertsona aldatzeaz haratago, “oinarrizko” aldaketa egotea espero dute.