Bederatzi euskal herritarren aurkako epaiketa hasiko da maiatzaren 17an, Ekin antolakundeko zuzendaritzako kide izatea egotzita. Akusazioak 9 eta 15 urte arteko espetxe zigorra eskatzen du bakoitzarentzat.
BasqueLivesMatter, #9akLibre lelopean jarri dute abian informazio, salaketa eta mobilizazio kanpaina, “oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsa eta edozein jarduera politikoaren zilegitasuna aldarrikatzeko”. Ekimenaren helburua da salatzea “Estatuaren inpunitate osoz”, Guardia Zibilak atxiloketa aldian egindako tortura “basatiak”, eta 2010ean hasitako “kondena” horrek eragindako ondorio psikosoziala, ekonomikoa, emozionala eta humanoa.
Instituzio publikoekin eta eragile sozialekin bilduko dira eskubide zibil eta politikoen defentsan konpromisoak lortzeko. Agiri baten aldeko atxikimendu kanpaina jarriko dute martxan, eta zenbait udaletxetan agiriaren aldeko mozioak aurkeztuko dituzte. EHUko zuzenbide fakultatean torturaren eta makro-epaiketen inguruko mahai-inguruak antolatuko dituzte. Paco Etxeberria, Jon Mirena Landa, Lorea Bilbao eta Iñigo Iruinek hartuko dute parte, besteak beste. Mobilizazioak egingo dituzte maiatzean.
AEBetako komunitate beltzek gehiegikeria polizialen aurka eta oinarrizko eskubideen alde abiatutako ‘Black Lives matter” ekimena du oinarri kanpainak. Kolektibo horrekin harremanetan daudela azpimarratu dute, eta kanpainan parte hartzea aurreikusten dute.
“Espainiako Estatuak urteetan garatu duen ‘Dena ETA da’ teoriaren, eta legez kanporatzeen politikaren ondorioa da epaiketa”, Eleak mugimenduak salatu duenez.
Auzipetutako pertsonak honakoak dira: Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarte.
Prentsaurrekoa osorik ikusgai: