argia.eus
INPRIMATU
Black Lives Matter mugimenduko manifestarien aurkako kotxe-erasoak hedatzen ari dira
  • Azken asteetan nabarmen areagotu da AEBetako konfrontazio soziala. Dozenaka izan dira Black Lives Matter mugimenduko ekintzaileen aurka autoekin jo duten gidariak. Bitartean, manifestariak harrapatzeari buruzko txantxak hedatzen ari dira sare sozialetan.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 09a

Joan den larunbatean auto batek Black Lives Matter mugimenduaren manifestazio baten aurka egin zuen Seattle hiriburuan (AEB). Summer Taylor izeneko manifestari bat zendu zen erasoaren ondorioz, eta berekin zihoan Diaz Love larriki zauritu zen. Geroztik, ugariak izan dira Taylorren omenez egindako adierazpenak, El Salto hedabideak jakinarazi duenez.

Dozenaka manifestari biltzen zebiltzan errepidera sartu zen gidaria, eta protestetaren aurka jo zuen. Erasotzailea kasu horretan ez zen supremazista zuria izan ordea, Eritreako gizon etorkin bat baizik. Ezohiko profil horrek kritikak piztu ditu mugimendua errefusatzen dutenen artean. Mobilizazio zikloaren aurka daudenak eta errepide-blokeoak kritikatzen dituztenak Taylorren heriotza baliatzen ari dira mugimenduari eraso egiteko.

Manifestazioen eta errepideko blokeoen aurkako iritzi-uholdea dela eta, erasotzaileen artean arrazistak eta jende-multzoen aurrean bortizki erreakzionatzen duten pertsonak bereizi dituzte. Horrez gain, badira manifestarien aurka autoekin oldartzen diren poliziak ere. Eraso andanarekin batera, indarkeria modalitate horren gorazarrea egiten da sare sozialetan, Black Lives Matter-eko aktibistak harrapatzeari buruzko meme eta txantxekin.

Sestra bikoitza

Bestalde, gidari guztiak ez dituzte berehala atxilotzen, Taylor hil zuenaren kasuan gertatu den bezala. Duela hilabete, adibidez, beste manifestari bat hil zuten Barkersfielden (Kalifornia). Biktimak Robert Forbes zuen izena, 55 urteko afroamerikarra zen. Poliziak “istripuaren” hipotesiaren berri eman zuen. Gidaria, Timothy Keith Moore, tatuaje neonaziak eta aurrekari penalak dituen gizon zuria zen. Harrapaketaren ondoren, bertaratutakoek adierazi dutenez, poliziak “babestu” egin zuen gidaria, eta ez zizkioten eskuburdinik jarri, ezta atxiki ere. Taylorren harrapaketaren egilearekin gertatu ez bezala, poliziak ez zuen Mooren nortasuna jakinarazi, egileak berak eman baitzuen gertakarien berri, facebook bidez. Gaur gaurkoz, kaleetan aske jarraitzen du erasotzaileak.

Aurrekariak

Ekainaren hasieran, kamioi gidari batek manifestari talde bat erasotu zuen Virginian. 2017ko abuztuan Charlottesvilleko supremazista zurien mobilizazioetan jazotako kasuaren erreferentziak gordetzen ditu. Izan ere, Unite the right izeneko hitzorduan, neonazi eta supremazista zurien mobilizazioetan, James Alex Fields izeneko gazteak kontramanifestazio baten aurka egin zuen, dozenaka pertsona zaurituz eta Heather Heyer antifaxista hilaz. Autoa manifestarien aurka bizkortzea ohiko praktika terrorista izan da Europako ultraeskuindarren artean. 2018an, gazte batek emakume bat eta neskato bat harrapatu zituen Leicesterren, Londresko metroaren atentatua “mendekatu” asmoz. Eraso mota horrek “istripua” argudiatzeko aukera gehiago ematen dizkie terrorista faxistei auzitegietan. Heather Heyer hil zutenean, zenbait hedabidek jakinarazi zuten Unite the Right martxa baino lehen elkarretaratze antifaxistetan parte hartzen zutenak autoz harrapatzearen inguruko txantxak egiten zirela antolatzaileen barne-txatetan. "Run them over" (Euren gainetik pasa) leloak urteak daramatza ultraeskuinaren sare sozialetako zirkuluetan memeak biltzen.

Kanpaina

Errepideetan “blokeoak etetea” da euren helburua. Oraingoan, ordea, kanpaina burutsuagoa ari dira gauzatzen: hashtag batekin mobilizazioetako istiluak salatzen dituzte, eta gidariek “zirkulatzeko duten eskubidea” argudiatzen dute bertan. Ondorioz, horiek autoarekin harrapatzea “autodefentsa” dela argudiatzen dute.