argia.eus
INPRIMATU
Black Lives Matter-eko ekintzaile batek tiro bat jaso du buruan Londresen
  • Sasha Johnson Black Lives Matter (BLM) taldeko ekintzailea eta "Taking the Initiative" alderdi politikoko kidea egoera kritikoan dago, buruan tiro bat jaso ostean. Tiroketa Peckhamen, Londres hegoaldean, gertatu da eta poliziak ikerketa abiatu du.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 24a
Argazkia: Taking the Initiative Party

Black Lives Matter (BML) mugimenduko aktibista den Sasha Johnsonek tiro bat jaso du buruan eta egoera kritikoan dago. Gertaera Londres hegoaldean (Erresuma Batua) jazo da gaueko 3:00ak aldera. "Taking the Initiative" alderdi politikoak sare sozialetan eman du gertatutakoaren berri.

Alderdiko kideek adierazi dutenez, tiroketa igandeko lehen orduetan gertatu da eta aktibistak "heriotza mehatxuak" jaso zituela azaldu dute. Poliziak ordea, oraingoz ez du mehatxuak egon direnik ziurtatu eta ez da atxiloketarik egon. 27 urteko gaztea zauriturik aurkitu zuten Peckhamen (Londres hegoaldean) 3:00ak baino lehenago, tiroketa bat izan zela jakinarazi zien dei bat jaso eta bertaratu ostean. Gertatutakoa argitzeko ikerketa abiatu dute jada.

Alderdiaren komunikatuak honela dio: "Tristura handiz jakinarazten dizuegu Sasha Johnsonek tiro bat jaso duela buruan. Oso egoera kritikoan dago ospitalean". "Sashak komunitate beltzaren inguruko bidegabekerien aurka borrokatu du beti. BLMko kide eta "Taking the Initiative" Alderdiko Zuzendaritza Batzordeko kide izateaz gain, Sasha hiru seme-alabaren ama ere bada, eta ahots indartsu eta boteretsua du gure jendearentzat eta komunitatearentzat", gaineratu dute.

"Taking the Initiative" (TTIP) beltzek gidatutako lehen alderdi politiko britainiarra da eta Johnson kide ezagunenetakoa da. 2020an lortu zuen ospea BLMren protestetan antolatzaile aktiboa izan zelako, eta gaur egun Erresuma Batuko mugimenduko pertsonaia nagusia bihurtu da. Kideen esanetan gizarte bidegabekeria desagerrarazteko helburuarekin aritu da protestetan parte hartzen eta hauek gidatzen.