argia.eus
INPRIMATU
Black Friday eguneko beherapenen %99 iruzurra dira, OCUk salatu duenez
  • OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak online enpresa handien 16.000 produktu ikertu ditu azken hilabetean, gehienbat gailu elektronikoak eta etxetresnak. Prezioak puztu egiten dituzte eta gero beherapena egin, baina ez igo bezainbeste: batez beste %3 garestitu dituzte salgaiak Black Friday egunera begira. 

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 25a
Black Friday eguneko beherapenen %99 iruzurra dira. /Argazkia: EHKB

OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak jakinarazi du online denda nagusietako gehien saldutako produktuen prezioak %3 garestitzen direla Black Friday-aren bueltan. Enpresek prezioak puztu egiten dituzte egun seinalatu horren aurretik, eta gero beherapenen izenean saltzen dute. Elkarteak 16.000 produktu aztertu ditu azken hilabetean: gehienbat, gailu elektroniko eta etxeko tresnak.

Azken hilabetean egunero 6.000 prezio aldaketa jaso ditu OCUk, eta aztertutako beherapenen %99 iruzurra izan dira. Merkataritzaren araudiak iragarritako beherapenen alboan aurretiko prezioa ipintzera behartzen ditu saltokiak, eta erreferentziazko prezio hori azken 30 egunetan produktuak izan duen baxuena izan behar da. Baina enpresa handi horiek ez dute legea betetzen, eta beherapena euren intereseko prezioan egiten dute eta ez dute produktuaren ohiko prezioa islatzen.

Batez beste %25eko beherapenak iragarri dituzte aztertutako online enpresek Black Friday egunerari begira —ostiralean da—; baina egiazki, %3 garestitu dituzte, produktuen azken 30 egunetako prezio baxuenarekin alderatuz gero. 

Iruzurren aurrean, Kontsumitzaileen Elkarteak gomendatu du ez fidatzeko eskaintzez Black Friday eta haren gisako "beherapen egunetan", eta aldez aurretik aurretiko prezioekin alderatzeko. Halaber, eskatu du sareetan salatzeko halako engainu kasuak #timofertasBF etiketarez bidez, eta hala informazioa zabaltzeaz gain, OCU salaketa jartzeaz arduratuko dela.