argia.eus
INPRIMATU
Black Friday egunaren amarrua: seguru beherapen hau benetakoa dela?
  • Europan arrakasta izugarria lortu du, eta gero eta saltoki gehiago batzen dira AEBetan asmatu zuten kontzeptu honetara. Kontsumoa piztea du helburu eta askotan saltokiek  %50eko beherapenak eskaintzen dituzte. Beherapenak, ordea, tranpatiak izan daitezke.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 27a
AEBetan Esker emate egunaren ostean egiten da, eta Europan saltokiek gabonetako erosketei hasiera emateko baliatzen dute.

AEBetan Esker emate egunaren ostean egiten da Black Friday. Europan ordea, saltokiek gabonetako erosketei hasiera emateko baliatzen dute. Egun horretan beherapen handiak egiten dizkiete produktu guztiei. Kontsumitzaile askok begi onez ikusten dute, baina azken egunotan saltoki batzuek egindako iruzurren berri eman dute sare sozialetan. Saltokiek prezioak igotzen dituzte aurreko egunetan, gero Black Fridayn beherapen handiak ezarri ahal izateko. Horrela,  ohiko salmenta prezioa mantentzea lortzen dute.

Oihartzun handia izan du Media Markten kasuak. Zenbait erabiltzailek saltokiaren webgunean zeuden prezioen argazkiak igo zituzten Twitterrera: bertan ikusi zitekeen egun batzuk lehenago prezioak igo zituztela Black Fridayra begira jaisteko. Espainiako Erabiltzaile eta Kontsumitzaileen Elkartetik (OCU) adierazi dute ez dela kasu bakarra, eta oso ohikoa dela Black Fridayn saltokiak trikimailu horretaz baliatzea.

Askok ordea zalantzan jarri dute Black Friday eguna bera. OCUk azaldu duenez, beherapenetatik etekina atera daiteke, baina erosketak planifikatu ezean “oldarraldia” izan dezakegu eta “gehiegi zorpetu”.