argia.eus
INPRIMATU
Black Friday-aren kontrako egitasmoak, hitzaldiak eta mahainguruak, Nafarroako GKE-en eskutik
  • Kontsumismoaren kontrako bizikleta martxa Setem GKE-aren eta Masa Kritikoaren artean antolatu da ostiral honetarako.

     

Miren Mindegia Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko azaroaren 27a

Ostiralean, black friday edo ostiral beltza deritzonaren harira, hainbat ekimen prestatu dira “kontsumismoa sustatzen duen egunaren kontra”, Nafarroako GKE-en koordinakundeko kide Iñaki Elorzak azaldu moduan.

Hala, alde batetik Setem GKE-ak hilabeteko azken ostiralero bizikleta martxak antolatzen dituen Masa Kritikoarekin bat egin du, ostiraleko bizikleta martxa #PayYourWorkers (ordaindu zure langileak) kanpainaren bueltan antolatzeko. Honen bitartez, euren langileen lan baldintzak errespetatzen ez dituzten arropa-denda eta markak salatu nahi dituzte. Arratsaldeko 20:00etan abiatuko da martxa, Gazteluko Plazatik. 

Halaber, Madre Coraje elkarteak swap party edo arropa trukaketa eguna eginen du ostiralean Zangoza kalean duen dendan. Goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara egonen da zabalik, eta bakoitzak egoera onean dauden arropak eraman ditzake beste jantziengatik trukatzeko. Elorzak nabarmendu bezala, “gomendagarriena bakoitzak gehienez bost arropa eramatea da”.  

Larunbatean, bestalde, hitzordua BDZ elkarteak ezarritakoa izanen da, Palestinaren alde eta Geldi dezagun genozidioa lemapean manifestaldira deitu duena. Golem Baiona zinemetatik abiatuko da elkarretaratzea, arratsaldeko 17:00etan. 

Afrika ezinbestekoa zikloak ere aurrera jarraitzen du aste honetan. Hala, astelehenean, 19:30ean, kulturarteko bitartekari Moussa Kanek Resistencias africanas en medio de la crisis y los conflictos hitzaldia emanen dut Civivox Kondestablean. Asteazkenean, aldiz, Iturramako Civivoxean izanen da hitzordua. Bertan, Sonia Fernandezek Las vidas secretas de las esposas de Baba Segi liburua izanen du hizpide, Lola Shoneyin idazlearena. 

Asteazkenean, Nafarroako GKE-en koordinakundeak antolatuta, mahai-inguru interesgarria eginen da erakundearen egoitzan bertan, Kaldereria kalean. Hala, topaketa antiarrazistak eginen dira, Gizarte babeseko sistema bazterkeriari aurre egiteko estrategiak izenburupean. Bertan, Haritu, PMIZ (pertsona migratuentzako informazio gunea) eta Paris 365 kolektiboetako kideek parte hartuko dute.