Osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazioak egin dira ostegun honetan osasun zentroen aurrean, Nafarroako Osasun Plataformak deituta.
Datorren abenduaren 23an onartuko dira Nafarroako Foru Komunitatearen 2022ko aurrekontuak eta osasun plataformak salatu duenez, diru kontu hauek ez dira nahikoak Nafarroako osasunak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko.
Plataformaren esanetan osasun arretak ez du beharko lukeen kalitatea: “Itxaron zerrenda luzeak, zentroetan arreta eskuratzeko zailtasunak, edo etsipena, besteak beste, gaixo askok ez dakitelako nola bideratu haien osasun arazoak. Biztanleria bere osasun zentroetatik kanporatzen ari dira”.
Osasunbideako langileek bizi dituzten lan baldintza txarrak ere salatu dituzte, gehiegizko lan kargak, behin-behinekotasun handia, enpleguaren ezegonkortasuna, kontziliazio arazoak... “eta deitoragarriena, ez dute osasun agintarien sostengurik”.
Oinarrizko Osasuna, oinarrizko zutabea
Plataformaren ustez, diren gabezia guztien artean nabarmendu behar da oinarrizko osasunaren egoera. Gaur egun Osasunbidearen aurrekontuaren %15 bideratzen da alor horretara eta kopuru hori handitzea ezinbestekotzat jo dute. Nafarroako Gobernua plan bat bideratzen ari da alor honetan azken urtean, baina osasun plataformatik adierazi dutenez, “hitzak besterik ez dira, eta erakutsi dute ez direla gai indarrean jartzeko”.
Beste salaketa eta eskari askoren artean, azpimarratu dute ospitale humanoagoak behar direla eta goi mailako tresneriak pertsonen zerbitzura egon behar duela: “Aurrekontuek baliabide ugari bideratzen dituzte teknologia sofistikatuetara edo inbertsio pribatuetara, baina langileen esparrua hobetzeko gastua hutsaren hurrengoa da”.