argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Barne sailaren aurrekontua gora, bizkartzain kopurua behera
  • 100 milioi eurotan gutxitu du Espainiako Barne sailak bizkartzainen aurrekontua, lau urtetan. Barne sailaren aurrekontuak, baina, %1,2 egin du gora. Gorakada polizia eta guardia zibilen lan baldintzetan islatuko da; biek ala biek, soldata eta aparteko sariak mantenduko dituzte datorren urtean.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 09a
Hiru bizkartzain, Donostian

2009tik gaur egun arte, 100 milioi euroko murrizketa egin du Gobernuak bizkartzainen zerbitzuetarako bideratutako aurrekontuetan.  Orain dela lau urte, 136 milioi euro gastatzen zituen; egun, 35 milioi euro bideratzen ditu.

Espainiako segurtasun idazkari Francisco Martinezek ETAren jardun armatuaren etenari atxiki dio murrizketa.

Poliziak eta guardia zibilak, abantaila duten funtzionarioak

Langile publikoek soldata izoztuta izango dute 2014an ere, laugarren urtez jarraian. Bestalde, oraindik ez dago argi zer pasako den aparteko sariekin. Rajoyk esan du funtzionarioek paga gehigarriak edukiko dituztela.

Saria emateko eskumena, aldiz, ez da soilik Gobernuarena; tokian tokiko gobernuek ere erabaki dezakete paga eman edo ez. Ondorioz, funtzionario batzuek ez dute aparteko saririk izango, administrazioek hala erabakiz gero. Hori da Kataluniako eta Andaluziako langile publikoen kasua, adibidez.

Polizia eta guardia zibilen soldatak, baina, mantenduko direla esan du segurtasun idazkariak. izan ere, Espainiako Gobernuaren eskumena baino ez da polizia eta guardia zibilen soldataren kudeaketa.

Sail askotan murrizketak, baina barne sailean aurrekontuak gora

Barne sailaren aurrekontua %1,2 handituko da, aurtengo aurrekontuekin alderatuz. Beste sail batzuetan murrizketa handiak egingo dituzte. Osasun, gizarte zerbitzu eta berdintasun saila da kaltetuena, %6,6 gutxituko da datorren urteko aurrekontua, 2013 urtekoarekin konparatuz gero.