argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean estreinatuko dute ‘Bizkarsoro’ filma Euskal Herriko zazpi lurraldeetan
  • Gasteizen, Durangon, Tolosan, Baionan, Donibane Garazin, Altsasun eta Maulen emango dute. XX. mendean fikziozko Bizkarsoro herrian euskaldunek jasandako jazarpena kontatzen du filmak.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 10
Ezkerretik eskuinera: Aña Errotabehere, arte taldekoa; Lea Campistron, aktorea; Josu Martinez, zuzendaria; eta Manex Fuchs, aktorea. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Asteartean Durangon aurkeztu ostean, ostiralean estreinatuko dute Bizkarsoro filma Euskal Herriko zinema-aretoetan. Estreinaldia aldi berean izango da zazpi lurraldeetan: Gasteizen, Durangon, Tolosan, Baionan, Donibane Garazin, Altsasun eta Maulen.

XX. mendeko euskaldungoaren historia kontatzen du Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro-k. Euskararen eta euskaldunen aurkako jazarpena eta zapalkuntza jorratzen ditu filmak, eta istorioa filmaren izenburua hartzen duen Bizkarsoro fikziozko herrian kokatzen da. Martinezek eta filmeko komunikazio arduradun Gotzon Barandiaranek adierazi dute “Euskal Herriko edozein herri” izan daitekeela Bizkarsoro: “Edonor identifikatuta sentitu daiteke pertsonaiaren batekin edo egoera batekin”.

2023ko irailaren 27an estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailean Antzoki Zaharrean. Proiektua duela bost urte abiatu zen, eta urtero pelikularen zati bat grabatu dute. Filma ere bost zatitan banatzen da, Bizkarsoro herriaren bost garai ezberdinetan, alegia. Barandiaranek azpimarratu du filmaren helburua “euskaldunok gai honi buruz hitz egitea” dela, eta nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela Euskal Herriko historiari eta orainari buruz hitz egitea, euskarak jasandako zapalkuntza ikustarazteko.

Horretarako, adierazi du filmaren emanaldi bakoitzean dinamizatutako solasaldiak eskaini nahi dituztela. Harremanetan jartzeko, formularioa betetzeko eskatu dute; informazio gehiago bizkarsoro.eus webgunean.

Zapalkuntza istorio bat

Irailean, Gorka Peñagarikanok ARGIAn filmari buruzko erreportajea egin zuen. Bertan, Manex Fuchs aktoreak adierazi zuen filmak kontatzen duen historia “trauma bat” dela: “Pelikulan kontatzen dena da herri honek bizi duen trauma horretatik nola izaten segitzen ahal dugun”. Martinez zuzendariak filmaren helburuak adierazi zituen: "Euskararen historia zapalkuntza istorio bat da, eta hori jakin behar da transmititzen. Beharbada, horretan asmatuko bagenu, eta fikzioak horretan lagundu badezake primeran, agian jende gehiagok ulertuko du zergatik merezi duen euskaldun izatea”.

ARGIAk azala eskaini zion Bizkarsoro pelikulari 2839. alean.