Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute astelehen goizean Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak, Bagera Euskaltzaleen Elkarteko Amets Iberok, SADE erakundeko Iñaki Elorzak eta filmaren ekoizle Katti Pocheluk udaletxean; Josu Martinez zuzendaria ere agerraldian parte hartzekoa zen, baina azkenean ezin izan du prentsaurrekoan parte hartu.
“Elkarlana” izan da denek nabarmendu duten ideia nagusia, izan ere, elkarlanetik lortu dute iazko Zinemaldian estreinatutako filma zinema areto komertzialetara eramatea: “Gaurko argazkia elkarlanaren isla da”, azpimarratu du Insaustik. “Duela bi hilabete, gurekin harremanetan jarri ziren Dani Goñi eta Xabi Zaldua [euskaltzaleak], eta dena oso erraza izan da. SADEren oinarrietako bat da euskal kultura eta zinema zabaltzea, gure tresnekin”, gaineratu du Elorzak.
Zinemaldian estreinatu ostean, Euskal Herriko herri askotan proiektatu dute, Pocheluk azaldu duenez: ” 360 emanalditik gora eta 30.000 ikusle izan ditugu Euskal Herri osoan”. Donostian, Korrika Kulturalaren bueltan, kultur etxeetan ikusi ahal izan zen filma, baita beste espazio batzuetan ere gerora, herri ekimenez. Orain, ordea, zinema areto komertzialetara emango du salto lanak, eta horrekin “pozik” agertu da ekoizlea. “Fikziozko herria da Bizkarsoro, baina Donostiaren eta donostiarren historia ere kontatzen du, helburua baita edozein herritan gertatu dena erakustea”.
Ildo beretik jo du Iberok: “Euskarak pairatutako jazarpena eta euskaldunen borroka jasotzen ditu filmak, eta kontzientziak pizten ditu. Horregatik, donostiarrak deitzen ditugu zinemetara joatera”.
Zinema areto komertzialetan ez ezik, Euskara Zerbitzuaren ekimenez, Antzoki Zaharrean ere proiektatuko dute filma, ikasleentzat. Abenduaren 16tik 18ra eskainiko dute, goizez, DBHko, Batxilergoko eta zikloetako hamalau ikastetxetako 1.616 ikaslerentzat. Filma ikusi aurretik eta ondoren, Bizkarsoro-k jorratzen duen gaia landuko dute gela barruan espresuki prestaturiko unitate didaktiko batez baliatuta.
“Unitate didaktikoaren bitartez testuingurua emango diegu gazteei, XX. mendean euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa ezagutuko dute, hizkuntzaren transmisioaz eta egoeraz jardungo dute eta abar. Azken finean, euskarak bizi duen egoera minorizatua ulertzeko arrazoiak ezagutzeaz gain, honen gainean hausnartu eta gogoeta egiteko bide emango diegu. Bizkarsoro-ri esker, gure historia eta gertatu zaiguna hobeto ulertu ahal izango dute”, nabarmendu du Insaustik.