argia.eus
INPRIMATU
Epi Arakama Azkona [Euskal presoen aldeko ekimen batean parte hartzeagatik deklaratzera deitu duten garestarra]
“Bizkar-gaina zamatuta oheratzen naiz, eta goizean esnatzean ezinegonak edo urduritasunak hor darrai”
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2017ko irailaren 22a

Pasa den uztailaren 24an, jaietako lehen egunean, txosnen irekierara joan nintzen koadrilakoekin urtero bezala txupinazoaren ostean trago bat hartzera. Euskal preso politikoei eta haien familiei elkartasuna adierazteko aurreskua dantzatu zuen herritar batek eta bertan izan ginen dispertsioa salatzeko. Egun ederra izan zen, jaietako lehen egunak izaten diren bezalakoa.

Handik hilabete eta erdira ordea, joan den irailaren 4an, Guardia Zibila herrian barna ibili zen etxez etxe zitazioak banatzen. Ilobekin parkean nengoen nire etxeko karrikarantz zihoazela ikusi nuenean, baina ez nuen uste inondik inora gurera zihoazenik. Senarrak ireki zien atea eta

sekulako sustoa hartu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalerako deia nuela esan ziotenean; ezin zuen sinetsi eta zer egin nuen galdetu zien, izan ere, ezin zuen ulertu zer leporatzen zidaten uztailaren 24an egun osoa elkarrekin eman baikenuen, leku berberetan, eta berak ez zuen zitaziorik jaso.

Ustekabean harrapatu zituzten beste etxeetan ere, batik bat deklaratzera deituta dauden gazteenen gurasoak. Denok gaude kezkatuta ez dakigulako zer den espresuki egozten digutena, ez dakigulako zergatik deitu gaituzten gu, zein irizpide jarraitu duten –irizpiderik jarraitu badute– adin guztietako herriko 15 pertsona aukeratzeko. Gainera, gureak ez dira kasu bakarrak, irailaren hasieratik guztira 27 nafarrek jaso ditugu zitazioak presoen aldeko ekimenetan parte hartzeagatik: Barañaingo bederatzik, Tuterako bik, Etxauriko batek eta hemengo hamabostek.

Gure artean elkartu eta herritarrak informatzen ibili gara. Pozik gaude Udalak erakutsitako jarrerarekin, haren babesa jaso dugu eta iragan irailaren 7ko Osoko Bilkuran “herri honetako gizarte zibilak azken urteetan jasandako eraso bortitzenetariko baten” aurkako mozioa onartu zutelako udaleko talde guztiek, eskuineko alderdiek barne.

Hilaren 15ean Barañainen manifestazioa egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren jokabidea salatzeko eta guk ere bide beretik bihar, irailak 23, Garesko ferietako larunbatarekin bat eginez, elkarretaratzea deitu dugu “Elkartasuna ez da delitua” lelopean (13:30ean udal plazan).

Gehiegikeria honen zentzugabekeria salatu nahi dugu, eta era berean inputatutako gainerako nafarrei elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi. Orain kasua publiko egin eta salatzeaz gain, itxarotea besterik ez zaigu geratzen. Ez dakigu luzerako joko duen, baina urduri samar gaude. Bizkar-gaina zamatuta oheratzen naiz, eta goizean esnatzean ezinegonak edo urduritasunak hor darrai.

Abokatuak esan digunaren arabera, baliteke kasua ezerezean geratzea edota ondorio larriak izatea. Terrorismoa goratzeak urte bete eta hiru urteren arteko zigor eskaera du, eta horrez gain funtzio publikoetan 6 eta 20 urte arteko inhabilitazioa ekar lezake. Horrek esan nahi du aurrerantzean ezingo genukeela inolako funtzio publikotan lanean aritu, eta tartean hainbat gazte daudela kontuan izanik neurrigabekoa iruditzen zait.

Halakoak epailearen araberakoak izaten dira sarritan. Jakin badakigu aurretik izan direla antzeko kasuak Tafallan, Irunberrin edota Lizarran eta azkenean bertan behera gelditu direla, baina gure kasua Madrilgo titiriteroen auzia eraman zuen epaileak hartu du eta ez gaude lasai; Altsasukoa ere ezin dugu ahaztu. Etengabekoa da euskal herritarrok jasaten dugun errepresioa, alarma soziala piztu nahi dute eta herritarrak isilarazi. Eta hedatzen ari da, ikusi besterik ez dugu azkenaldian Katalunian gertatzen ari dena.