argia.eus
INPRIMATU
Emakume bizkaitar bat hil dute Castro Urdialesen
  • 13 eta 15 urteetako semeak atxilotu dituzte hilketaren egileak izan direlakoan. 48 urte zituen emakumeak eta Bilboko Gurutzetako ospitalean egiten zuen lan.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 08a
Castro Urdialesen hildako emakumearen etxea, poliziaz inguratuta. / Argazkia: EITB Media

48 urteko emakume bat hil dute Castro Urdialesen bortxaz. Bizkaitarra zen eta Gurutzetako ospitalean egiten zuen lan. Bere gorpua auto batean agertu da, indarkeria zantzuekin eta ahoa estalita. Semeetako batek 13 urte ditu eta zentro batean sartu dute. Besteak ordea, 15 urte ditu eta atxilotu egin dute. Adingabeen Fiskaltzaren aurretik igaroko da datozen orduetan.

Gorpua etxebizitza bateko garajean aparkatuta zegoen auto baten barruan topatu dute asteazkenean. Bertan bizi ziren ama-semeak.

Albiste agentziek informatu dutenez, bart iluntzean bi semeek amonari deitu zioten telefonoz, eta “bahituta” zeudela esan zioten. Amonak, Guardia Zibilari deitu zion. Eta hauek 21:00etan iritsi ziren autoa eta emakumearen gorpua aurkitu zituzten. 

Castro Urdialesko Udalak hiru dolu egun ezarri ditu, eta bertan behera utzi ditu asteburu honetarako inauteri ospakizunak. Minutu bateko isilunea ere egin dute gaur, otsailak 8, 13:00etan, udaletxe aurrean. “Gertakari hau tragikoa da”, adierazi du Susana Herran alkateak. Jakinarazi du gizarte zerbitzuetan ez dagoela adingabeei lotutako salaketarik, eta mutilak ez zirela “gatazkatsuak”. Gainera, Udalaren eta herritarren elkartasuna helarazi die hildakoaren senideei, eta errespetua eskatu du ama-semeentzat.