argia.eus
INPRIMATU
BEC, pribatizatzeko bidean
  • BEC erakustazokaren parte den Bizkaia Arena pabilioiaren kudeaketa enpresa pribatu baten esku utzi nahi dute erakundeek, azpiegiturak dituen arazo ekonomikoei aurre egiteko.

ARGIA @argia 2013ko ekainaren 27a
Bertso saioak, kontzertuak eta saskibaloi partidak jaso ohi ditu Bizkaia Arenak, besteren artean.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak jakinarazi duenez, BECeko orube edo pabilioirik ez dute salduko oraingoz. Alokairuan eskainiko dituzte, orain arte bezala.

Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da enpresa pribatuak Bizkaia Arenan ahalik eta ikuskizun gehien antolatzea, eta trukean BECek diru kopuru bat jasotzea.

BECek galera handiak pilatu ditu azken urteetan, eta balizko pribatizazioari buruzko eztabaidak ez dira berriak. 2011. urtean 41 milioi eurora heldu ziren BECen galerak, amortizazioak eta finantza gastuak kontuan hartuta, Ivan Santamaria kazetariak Berrian nabarmendu duen bezala.

Oposizioko alderdiek (EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPyD-k) BECen kudeaketari txarrari egotzi diote egun bizi duen egoera ekonomiko kaskarra.