argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko zahar etxeen gatazka, konponbidetik urrun
  • Bizkaiko zahar etxeetako langileek, aurten 32 egun greban egin eta gero, beste lanuzte bat hasi dute, oraingoan hiru astekoa. Patronalekin akordiorik lortu ez eta ELAk urteko laugarren lanuztera deitu ditu langileak.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 25
Urriaren 24an eginiko manifestazioa. (Arg.: ELA sindikatua)

Urriaren 24an eman zioten hasiera lanuzteari Bilbon eginiko manifestazioarekin. 35 orduko lan astea, taxuzko soldata igoera eta lan-karga egokiak dituzte langileek helburu.

Emaitzarik ez duen negoziazioa

Martxoan eta ekainean hemezortzi greba egun egin ostean akordiorik ez zen iritsi. Irailean, ELA sindikatuak, berriz ere, grebara deitu zituen Bizkaiko egoitzetako langileak, patronal eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrerarekin kritiko. Irailaren 21etik urriaren 5era iraun zuen.

Hirugarren lanuzte horren azken egunetan negoziazio mahaian eseri ziren bi aldeak. Langileen eskaeren aurrean patronalek (GESCA, LARES eta ENBE) eginiko proposamena, ordea, “arduragabekeriatzat” jo zuen ELAk. Bi urtean sei euroko soldata igoera eta bi orduko lanaldi murrizketa izan ziren eskainirikoa.

ELAren ustez patronalek ez dute egungo lan kargak hobetzeko pausorik eman. Gai horretan “ezetz borobila” jaso dutela adierazi du sindikatuak. Lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea beherantz doazen bitartean, irabaziak gora egin dutela salatzen dute langileek. Bizkaiko Foru Aldundiari ahalik eta eskaintza onena egin eta jasotako diru-laguntzak dituzte helburu bakar ELAren ustez.

Pribatizaturiko zerbitzu publikoa

Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrerarekin ere ez daude gustura. Urriaren 19an bildu ziren langileak Aldundiko Gizarte Ekintza saileko arduradunekin. Urtebete inguru bileraren zain egon ostean, Aldundiak proposamenik edo aurrerapausorik ez ematea ez dute ulertzen.

Egoitzak zerbitzu publiko pribatizatuak dira eta Aldundiak %70 finantzatzen du. Emaniko diru-laguntzak nahikoak diren askotan zalantzan jarri da, ez langileen aldetik bakarrik, baita “patronalaren aldetik ere” ELAren esanetan.

Konponbiderik aurkitu ezean langileek greban jarraituko dutela adierazi dute, “lan baldintza duin eta zerbitzuaren kalitate egokiaren alde”.