argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko zahar egoitzetako langileen alde kalera atera dira emakumeak Gasteizen
  • Jada 300 egun baina gehiago egin dituzte greban, lantokiak gainditzen ari den borrokan. Emakumez osatutako mobilizazioa jendetsua egin dute Gasteizen.

Hala Bedi @halabedi 2017ko irailaren 21a

Irailaren 20an Gasteizen egin duten mobilizazioan emakumeek izan dute protagonismoa “emakumeon arteko elkartasuna eta harremana indartzeko asmoz, eta gatazka honen izaera feminista indartzeko”.

ELAren arabera “Hoteletako ‘Kelly’ak, etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileak, garbitzaileak, eskoletako jangeletan lan egiten dutenak, supermerkatuetan beharrean daudenak… Horiek guztiak ere badira gatazka honen atzean inposatutako prekarietate feminizatuaren isla. Ukaezina da emakumeon lan-baldintzak hobetu behar direla, ezin zaio borroka horri bizkarra eman”, azaldu dute.

Mobilizazioan zehar mezu ezberdinak zabaldu dituzte manifestazioak aurrera egin ahala: “Ez dugu eskurik hainbeste lanerako!” edo “Emakumeak borrokan eta ez gaitu inork entzuten!” entzun dira Eusko Legebiltzarrean amaitu den manifestazioan. Bertan, “duintasuna lortu arte” borrokan jarraituko dutela esan dute langileek.

 

Albiste hau Hala Bedi Irratiak argitaratu du eta CC-by lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra