Ia bi urtez 68 greba egun egin dituzte Bizkaiko zahar egoitzetako gerokultoreek. ELA eta UGT sindikatuek hitzarmena sinatu dute. 2025ean 1.800 euroko soldata jaso ahal izango dute langileek. Gerokultoreena sektore feminizatu eta prekarizatua da. Bizkaiko langileek 2016 eta 2018 artean, Euskal Herriko grebarik ospetsuenetakoa egin zuten.
Bizkaian, zahar etxeetan, 5.000 langile ari dira lanean, gehienak emakumeak. Ia bi urtez 68 greba egun egin ondoren, 2021-2025 urte arteko hitzarmena sinatu dute. ELAk eta UGTk sinatu dute hitzarmena. Lehenak %63ko ordezkaritza du eta UGTk du bigarren ordezkaritzarik handiena. Guztira %23,22ko soldata igoera lortu dute, eta guztizko hori 2025etik aurrera poltsikoratuko dute. Hilean, orain baino 340 euro gehiago dira. Beraz, 2025etik aurrera Bizkaiko gerokultoreek 1.800 euroko soldata izango dute, gaur eguneko 1.460ren aldean.
Urteko 1.592 orduko lanaldia finkatu dute. Eguneko 20 minutuko atsedenaldiak kontuan hartuz gero, ordu kopurua 1.520koa da. Espainiako Estatuko batez bestekoa 1.772 ordukoa da. Bizkaiko langileek orduko 15,83 euro jasoko dute eta Espainiako Estatuko batez bestekoa 9,16 euro da.
Hitzarmenaren arabera, sektoreko langileen %85 finkoak izango dira eta ordezkapenak lehenengo egunetik egingo dira.
Igandetako plusak igoko dira, eta antzinatasunagatiko igoerak ere egingo dira. Berdintasun eta euskara planak bultzatzeko konpromisoa hartuko dute zahar egoitzak kudeatzen dituzten enpresek.
LABen ustez, hitzarmenak ez ditu sektorearen behar orokorrak jaso
Sindikatuak greba egin duten langileak zoriondu ditu erakutsitako “tinkotasun eta indarragatik”. Alabaina, bere iritziz, ELAk eta UGTk sinatutako hitzarmenak ez ditu jasotzen LABen aldarrikapen nagusiak eta zahar egoitzetako errealitateak berdin jarraituko du. Besteak beste, ondoko gaietan ez da aurrerapausorik eman: gerokultore bakoitzeko batez besteko 25 egoiliar artatzen jarraituko dute beharginek; ez dira jaso senideen elkarteen eta pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak, egoiliarrei zaintza duina bermatzeko; ez da lan-osasuneko neurririk jaso; ez da ezer jaso Aldi Baterako Ezintasun osagarriei buruz; eta aurre-erretiroei buruz ez da hitz egin.
Sindikatuaren aburuz, akordioak zaintza-sistema publikoaren eztabaidari ateak ixten dizkio.
Grebatan zaildutako emakume langileak
Bizkaiko zahar etxeetako gerokultoreek badakite zer den greba egitea. 2016tik 2020ra bitarteko hitzarmena lortzeko 378 eguneko greba egin zuten, urte eta erdian luzatu zena. Greba luzearen ondoren, hitzarmena sinatu (ELA eta UGTk) eta lan baldintzak hobetzea lortu zuten. Emaitzarekin gustura ziren langileak, baina greba hark bestelako oihartzuna izan zuen. Azken hamarkadetan, Euskal Herrian egindako grebarik ospetsuenetarikoa izan zen. Sektore feminizatuen prekarietatea mahai gainean jarri zuen grebak. Gaur egun pil-pilean dagoen zaintzaren gaia erdigunean jarri zuten eta erakunde publikoek nola zaintza pribatizatzen utzi duten kritikatu zuten.
ARGIAk eta Manu Robles Arangiz Institutuak, elkarlanean, greba hari buruzko liburua argitaratu zuten 2019an (Berdea da more berria).