argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko zahar egoitzek kutsatze-guneak izaten jarraitzen dutela salatu dute pentsiodunek eta senideek
  • Irailaren 19an atera dira Bilboko kaleetara Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua eta Bizkaia Babestu egoitzen erabiltzaileen senideen elkartea. Unai Rementeria ahaldun nagusiari sei hilabete eta gero egoitzetan kutsatzeak eta heriotzak zergatik ari diren gertatzen publikoki azaltzea eskatu diote.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 21a
Irailaren 19an, Bilbon, protestan. Argazkia: Ecuador Etxea.

Larunbateko protestaren antolatzaileek argitaratu duten oharrean adierazi dute ahaldun nagusiak hausnarketa autokritikorik ez duela egin eta bigarren olatuan egoitzen egoerak kritikoa izaten jarraitzen duela: “Zer egin da ekainean egoitzak eta eguneko zentroak COVID-l9tik zentro libre izendatu zirenetik?”.

Babestu elkarteak eta Pentsiodunen Mugimenduak salatu dute behin eta berriz eskatu dutela erabiltzaileak eta langileak COVID-19tik babesteko neurriak hartzea, “baina arazoak konpondu gabe daude oraindik”. Sistemaren egiturazko gabezien ondorioz, pandemiaren eragin negatiboak ez direla desagertu salatu dute.

Egungo eredua nabarmen aldatzea ezinbestekotzat jo dute eta zerbitzu sare publiko eta unibertsala garatzea aldarrikatu dute. Azterketarako eta proposamenetarako eremua sortzea eskatu dute. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak parte hartzeko prestutasuna agertu du.

Ecuador Etxeak antolatzaileen ohar osoa dauka webgunean jarria, lehendabizi gaztelaniaz eta euskaraz ondoren. Protestako argazki sorta ere badauka.

47 hildako bigarren olatuan

Eitb.eus-ek irailaren 19an emandako datuaren arabera, Bizkaiko adinekoen egoitzetan hiru pertsona hil dira azken orduetan. Bigarren olatuan 47 adineko hil dira. Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, 123 positibo baieztatu dituzte egoitzetan, eta 27 adineko ospitalean dira. 99 langilek positibo eman dute, eta beste 59 bakarturik daude, baina COVID-19a baieztatu gabe.

Gipuzkoan, astero protesta

Gipuzkoako Senideak elkartean zahar egoitzetako erabiltzaileen senideak biltzen dira eta asteartero Donostiako Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean, elkartzen dira protestarako. Pandemia lehertu zenean Gipuzkoako egoitzetako langileak greban zeuden lan baldintza duinak eta adinekoen arreta egokiagoa eskatzen. Pandemia hasi zenean bertan behera utzi zuten greba. Gipuzkoako Senideak elkarteak asteartero eskatzen du Foru Aldundiaren eta sindikatuen arteko gatazka konpontzea. Irailaren 22an izango dute hurrengo elkarretaratzea.