argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko pinudi eta eukaliptoen ordez, bestelako basogintza nahi du Kolore Guztietako Basoak plataformak
  • Kolore Guztietako Basoak plataforma berria aurkeztu dute, naturatik gertuko basogintza egin dadila eskatzeko.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko urriaren 26a

Kolore Guztietako Basoak plataformak bere proposamenak aurkeztu ditu asteazkenean egindako prentsaurrekoan, gure basoak mantentzeko eta sustatzeko helburuarekin. Azken aldian, Galizian edota Portugalen izandako suteak saihesteko eta gure basoetako zuhaitzak mantentzeko proposamenak azaldu dituzte.

Bizkaiko baso eremuen %53 pinudiak edota eukalpitoak dira. Zuhaitz horiek azkar hazten dira, baina sute bat dagoerean oso kaltegarriak izaten dira ingurumenarentzat, oso erraz hartzen dutelako sua. Plataformako kideen esanetan "Bizkaiko Foru Aldundiak ez badio arazoari heltzen, eta berehala zuzentzen ez badugu, ekonomian eta ingurumenean ondorio larriak ekarriko ditu zuhaitz hauetan oinarritutako basogintzak".

Sortu daitezkeen suteek eragin gutxi izan dezaten, basogintza politika onak egin behar dira eta gaur egun horren premia dagoela adierazi dute. Gure baso autoktonoak babestu behar direla aldarrikatu dute, eta erabilpen libreko basoak kontrolatu.

Kolore Guztietako Basoak Plataformak proposatu du "onura publikoko eta erabilpen librerako basoen %60 naturatik hurbileko baso kudeaketara eta %40 bertoko baso bezala kontserbatu dezatela".

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.