argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko Osakidetzaren Larrialdien koordinazio zentroan medikurik gabe egon direla salatu dute
  • ESK sindikatuak salatu du Bizkaiko Osakidetzaren Koordinazio Zentroan medikurik gabe egon zirela asteazkenean, eta ez dela lehen aldia. Azkar hartu beharreko erabakiak erizainek hartu behar izan zituztela salatu dute eta Osakidetzako Zuzendari Kudeatzaile Oscar Allerren eta Langileen Buru María Jesús Estefaníaren berehalako dimisioa eskatu, “herritarren osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen jarrai ez dezaten”.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 05

ESK sindikatuak salatu duenez, abuztuaren 3ko gauean ez da mediku fakultatiborik egon Osakidetzaren Bilboko Koordinazio Zentroan. Horren ondorioz erizainek kudeatu behar izan dituzte deiak eta beraiek erabakiak hartu. Ez da egoera ematen den lehen aldia sindikatuaren arabera eta horregatik Zuzendari Kudeatzailearen eta Langileen Buruaren “berehalako dimisioa” eskatu du ESK-k.

Sindikatuak haien web orrian salatu du “behin eta berriro errepikatzen den egoera horrekin” haserre dagoela, eta behin eta berriz salatu dutela Zentro Koordinatzaileek duten saturazioa eta zentro horietan lan egiten duten langileen lan-karga handia. Osakidetza-Emergentzietako egungo kudeatzaileek “ageriko gaitasunik eza” erakusten dutelako eskatu du ESK-k Oscar Aller zuzendari gerentearen eta María Jesús Estefanía Langileen Buruaren berehalako dimisioa, “herritarren segurtasuna arriskuan jar ez dezaten”.