argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko Ogasuneko funtzionario bat eta Arabako guardia zibil bat espetxeratu ditzakete, herritarren datu pribatuak saltzeagatik
  • Bizkaiko Ogasuneko funtzionario bat –Fernando María I.G.–, Arabara destinatu zuten guardia zibil bat eta Bilboko detektibe pribatu bat –Aitor G.S.– dira zergadunen datu pribatuak saltzeagatik espetxeratu ditzaketen hamaika lagunetako hiru. Espainiako Estatuan aritzen zen sarearen kontrako 2012ko "Pitiusa operazioan" 76 lagun atxilotu zituen poliziak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko urtarrilaren 13a
"Pitiusa Operazioan" atxilotutako INEMeko langileetako bat / El PeriĆ³dico

Auzia hainbat ataletan banatu zen, eta horietako baten parte dira epaitzen hasi diren hamaika pertsonak. Aipatu hiruez gain, tartean daude Madrilgo  Zerga-Agentziako funtzionario bat, aduana-zerbitzuetako funtzionario bat eta Kataluniara destinatutako guardia zibil bat, besteak beste. 2014an hil zen pertsona batek zuzentzen zuen sare erraldoi hori. NAN zenbakiak, etxebizitzen edota ibilgailuen inguruko datuak, kontu korronteen zenbakiak eta hamaika datu gehiago jasotzen zituen pertsona horrek, langile publikoek datu-baseetan arakatuta lortzen zituztenak.

Zeresan ugari eman zuen pertsona horren heriotza "arraroak", El Confidencial agerkariak definitu zuen moduan, Bilboko Indautxu auzoan egitekoa zen hileta-elizkizunaren inguruko kontuak tartean.

Espetxe zigorrak

Bizkaiko Ogasuneko funtzionarioarentzat 61 urteko espetxe zigorra eskatu du Bartzelonako Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak, zergadunen datuak saltzeagatik. Bilboko detektibearentzat 35 urteko espetxe zigorra eskatu du, bitartekari lanak egiteagatik; eta Arabara destinatutako guardia zibilarentzat 20 urtekoa, ibilgailuen inguruko datuak emateagatik, El Correo egunkarian irakurri daitekeenez. Bartzelonako detektibe bati lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten pasa den urrian.

Bezeroen artean merkataritza-txostenak osatzen dituzten enpresak zeuden, El Periódico egunkariak azpimarratu duen bezala.