argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko metalgintzan lortutako aurreakordioa “historikoa” dela dio LABek
  • LAB sindikatuak historikotzat jo du Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenean lortutako aurreakordioa eta egindako borrokaren fruitu dela aldarrikatu du.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 27a
Bizkaiko metalgintzako langileek 10 greba egun egin dituzte aurreakordioa lortu aurretik (argazkia: LAB).

Astearte honetan sinatu dute Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren aurreakordioa, LAB sindikatuak historikotzat jo duena. “Orain arte sektore honetan ez zeuden edukiak lortu ditugu”, adierazi du zentralak publiko egin duen oharrean. Borroka abian jarri zutenean “prekarietatea eta diskriminazioa borrokatzea” jarri zituzten helburu nagusi gisa LABen arabera eta sinatutakoarekin “urrats historikoak” lortu dituztela azaldu dute.

Besteak beste, LABek nabarmendu dituen lorpenen artean dago metalgintza sektoreko mantenuan lan egiten dutenentzat subrogazioa lortu izana. “Euskal Herrian industria eremuko lehen hitzarmena da subrogazioa lortzen duena”, dio sindikatuak prentsa-oharrean.

Aurreakordioaren arabera, Bizkaiko metalgintzako langileen soldatak igo egingo dira: 2019rako Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) igoeraz gain 1,75ekoa lortu dela nabarmendu du LABek eta datozen bi urteetan KPI gehi 1,5 igoko zaiela jornala sektoreko langileei.

Era berean, emakumeek metalgintza sektorean gizonen aukera berdinak izan ditzaten adostutako aurrerapausoak ere baloratu dituzte: berdintasun batzorde bat sortzeko konpromisoa, enpresetan berdintasun planak, kontratazioetan langilearen sexua ez kontuan hartzea... “Hurrengo urteetan emakumeen presentzia sektore honetan hazten joatea ekarriko dute neurri horiek”, LABen ustez.

Aurreakordioak jasotzen dituen beste lorpen batzuk dira amaitu egiten duela dualitatearekin –lan berdina egiten duten bi langilek baldintza desberdinak edukitzea– eta estatalizazioarekin –Espainiako konbenioak hemen aplikatzea– eta kontratazio zuzena bultzatzea aurreikusten duela, aldi baterako lan enpresen ordez.

LABek nabarmendu du lorpen horiek denak eskuratzeko sektoreko langileek egin dituzten 10 greba egunak. “Beste zortzi greba egun egiteko prest ziren langileak, patronalak gure aldarrikapenak onartu izan ez balitu. Denon artean borroka historikoa egin dugu. Garai berri bat ireki da Bizkaiko Metalgintzan, lan munduan eta jendartean”, irakur daiteke sindikatuaren prentsa oharrean.