Ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean egingo dute greba. Patronalaren "blokeoa" gainditu eta hitzarmen duina lortzea dute xede.
Bizkaiko metalgintza sektorean greba egingo dute hiru egunez, hala jakinarazi zuten asteazkenean ELA, LAB, ESK, USO, CNT, CGT, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek. Zehazki ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean egingo dituzte lanuzteak. Helburua: patronalak ezarritako "blokeoa" gainditzea, hitzarmen duina lortzeko. Grebaz gain, ekainaren 13an mobilizazioa egingo dute Barakaldoko BECen Makina Erremintaren Bienala dela probestuz.
FVEM Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioaren egoitzaren aurrean bildurik iragarri zuten greba, ez kasualitatez: bizi duten blokeoaren erantzulea dela seinalatu nahi izan dute. Sindikatuek azaldu dutenez, dagoeneko zortzi aldiz bildu dira bi aldeak, eta maiatzaren 26an egindako azken bileran patronalak ezezkoa eman zien sindikatuek proposatutako hamazazpi puntuei. Sindikatuen iritziz, "FVEMek mespretxatu egin zuen Bizkaiko metalgintzako langile klasea". Ezezkoaren aurrean, beste proposamenik izatekotan bilerara deitu behar zituela adierazi zioten sindikatuek FVEM-i, baina gaur artean ez dute berririk izan. Hargatik, patronalari leporatu diote egoera blokatzen egotea, hitzarmen duin bat lortzeko bidea oztopatuz.
"Bizkaiko metalgintzako enpresek oso urte ona izan zuten 2021ean emaitzei dagokienez. 2022 hau ere oparoa izango da. Sektorean lan karga handia dago. Hala ere, patronalak negoziazio mahaian eskaintzen diguna eros ahalmena galtzea da, eta ez du jakin nahi sindikatuek proposatutako beste hobekuntza batzuen berri. FVEMen jarrera arduragabe horren aurrean, gurea denaren alde borrokatzeko garaia dela uste dugu. Bada garaia sortzen den aberastasunaren banaketa justua eskatzeko. Bizkaiko metalgintza grebara joateko ordua da", adierazi dute sindikatuek.