argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko metalgintzako langileek gehiengo sindikalaren eta patronalaren arteko ituna berretsi dute
  • CCOO, LAB eta UGT sindikatuek beren afiliatuen artean egindako batzarretan langileek baiezkoa eman diote FVEM patronalarekin negoziaturiko lan hitzarmenari baiezkoa ematea. Hamaika eguneko greba eta hainbat mobilizazioren ostean dator akordioa. ELAk oraindik ez du erabakirik hartu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko otsailaren 02a
LABeko Bizkaiko metalgintzako afiliatuek batzarrean baiezkoa eman diote akordioari, baita CCOO eta UGTkoek ere (argazkia: LAB)

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu sailaren bidez gehiengo sindikalak eta FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak mahai gainean zuten azken proposamenari baiezkoa eman dio langileen gehiengoak, LABek, CCOOk eta UGTk asteazkenean beren afiliatuen artean egindako batzarretan –hiru sindikatuen artean langileen %59 ordezkatzen dute–. Hala, Bizkaiko metalgintzan ari diren 50.000 langilek hitzarmen berria izango dute.

2022eta 2025 urteen artean %15eko soldata igoera aurreikusten du hitzarmenak –2022an %6,5, 2023an %4, 2024an %2 eta 2025ean %2,5eko igoerak–, baina KPIren arabera berrikusteko klausula darama puntu horrek. Subrogazioa langile gehiagotara zabaltzea, istripuagatiko ezintasunengatik jasotzen den ordainan hobekuntzak, eta LGTBI+ pertsonak jazarpen protokoloetan sartzea dira akordioak jasotzen dituen beste neurrietako batzuk.

"Lortutako aurrerapenak egindako borrokari esker izan dira", azaldu dio CCOOko Unai Orbegozok Hamaika telebistako Aiara de Urreta kazetariari. Iratxe Azkue LABeko kidearen ustez ere hasierako helburua lortu dute: "Guretzat garrantzitsuena da langileen lan baldintzak hobetzen joatea, eta hori da lortu duguna, ez dago atzerapausorik", 

Ostiralean egingo dute hiru sindikatuek eta FVEMek hurrengo bilera, eta litekeena da hitzarmenari dagokion aurreakordioa orduan sinatzea.

ELAk, bere aldetik, asteartean egingo du batzarra langileekin. Sindikatu honek ez du hobekuntzarik ikusi Jaurlaritzaren bitartekaritzaren bidez egindako azken proposamenean: "Duela bi hilabete zeuden eduki ia berdinak daude oraingo eskaintzan", azaldu du, eta bere ustez "eszenifikazioa" da aldatu den bakarra. Nolanahi ere, hobekuntzak, egindako greba eta mobilizazioei esker izan direla nabarmendu du ELAk, beste sindikatuen ildotik.

Pasa den udazkenean greba ziklo gogorrari hasiera eman zioten langileek, azaro amaieran aste osoko geldialdia egin zuten eta Ertzaintzaren oldarraldiak ere jasan behar izan zituzten manifestari eta informazio-piketeek. Grebak, metalgintzako enpresetan ez ezik, autogintzako ekoizpenean ere eragina izan zuen.