argia.eus
INPRIMATU
Bizkaiko metalgintzako enpresa batzuek FVEMetik irtetea erabaki dutela dio LABek
  • Bizkaiko metalgintzako patronala lan hitzarmenaren negoziazioan egiten ari den kudeaketa ikusita, enpresa batzuek FVEM elkartetik irtetea erabaki dute, sindikatu abertzalearen arabera. Laugarren egunean Ertzaintza ez da grebalarien kontra oldartu, eta pikete eta protesta jendetsuak izan dira beste behin.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko abenduaren 01
Manifestazio jendetsua egin dute beste behin langileek (argazkia: ESK)

Bizkaiko metalgintzan sindikatuak egiten ari diren astebeteko grebak hainbat ondorio ekarri ditu jadanik. Alde batetik, produkzioan, Mercedes-Benzen Gasteizko plantak bi egunez katea etengo duela iragarri die bere langileei, hornidura faltagatik. Bestetik, LABeko Bizkaiko industria arduradun Iratxe Azkueren arabera, FVEM patronal barruan presioa gero eta handiagoa da eta enpresa batzuek elkartetik irtetea erabaki dute. Hala adierazi dio Aiara de Urreta Hamaika Telebistako kazetariari:

Laugarren greba eguna, asteazkenekoa baina lasaiagoa izaten ari da, Ertzaintzaren oldarraldirik ez da izan piketeen kontra, baina tentsio uneak bizi izan dira, adibidez Mungiako Zabalondo industriagunean. Asier Roblesek Naiz.eus-en egindako kronikan kontatu duenez, grebalariek hainbat langileri eragotzi die lantegietan sartzea eta greba batzordeko kideek Arteche Taldeko plantara sartzea lortu duten arren, ez diete grebaren jarraipena gainbegiratzen utzi.

Metalgintzako langileek manifestazio jendetsua egin dute beste behin eguerdian, oraingoan Erandion. "Indarrez jarraitzen dugu, irmo, baina pilota FVEMen teilatu gainean dagoela uste dugu", adierazi du Unai Orbegozo CCOOko kideak.

Ostiralean Eusko Legebiltzarrean eztabaidagai

Aurreko greba deialdiak batuta, jadanik hamargarren eguna dute eta ostiralekoarekin hamaika lanuzte egingo dituzte Bizkaiko metalgintzako beharginek. Gatazkak, ordea, ez dirudi negoziazio mahaian aurrerapauso handirik izango duenik oraingoz, eta fokua kale mobilizazioetan dagoen arren, beste eremu batera ere bideratuko da ostiralean.

Eusko Legebiltzarreko kontrol-saioan EH Bilduko Iker Casanovak Eusko Jaurlaritzak lan-hitzarmenaren gatazkan duen jarreraren inguruan galdetuko dio Lan sailburuari; eta Elkarrekin Podemos-IU taldeko Iñigo Martínezek, berriz, Ertzaintzak piketeen aurrean egindako "ekintzez" itaunduko du Josu Erkoreka Segurtasun sailburua.